• 2020, otsailak 7
    Arduraz jarraituko dugu gaia, eta hartutako neurrien emaitzak ezagutu arte Ingurumen Sailari azalpenak eskatzen jarraituko dugu

    Zaldibia eta Ordiziako udal ordezkariek prentsa aurreko agerraldia burutu dute gaur 11:00etan Gaintzako bidegurutzean. Hona Informazio osoa.

    Ordiziako eta Zaldibiako udala: “Arduraz jarraituko dugu gaia, eta hartutako neurrien emaitzak ezagutu arte Ingurumen Sailari azalpenak eskatzen jarraituko dugu.”

    Bi Udaletatik lasaitasun mezua helarazten diegu herritarrei,  isurketa iturriak ezagututa hartutako neurriekin eta hartuko direnekin, airean dauden Nikel partikulen presentzia nabarmen murriztuko dela aurreikusten duelako Ingurumen Sailak.

    NIKELAREN ARAZOAREN INGURUAN:

    Agerraldi honen helburua herritarrei, ordiziar nahiz zaldibitar, azalpenak ematea da, atzo bertan komunikabideetan zabaldu zen Nikelaren inguruko berriaren inguruan.

    Airearen kalitatea ez da gure eskumena. Udalok ez ditugu baliabideak neurketa horiek egin ahal izateko, baina eskumenak ez izateak ez du esan nahi ardura ez daukagunik. Ardura handia baita gure herrietako biztanleen osasunari eragiten dieten gaiekin.

    Ardura horregatik eskatu zuen Ordiziako Udalak bilera Ingurumen sailarekin. Bilera atzo, otsailak 6erako deitu zuten, eta bertara, lehen aldiz Zaldibiako ordezkariak  ere gonbidatu gintuzten.  Elena Moreno ingurumen sailburuordearekin Gasteizen bildu ginen atzo beraz, eta oraindik Lakuatik irten gabe geundela, sareetan berria zabaldu zen dagoeneko. Beraz, herritarrek eta udal ordezkariok une berean jaso genuen informazioa. 

     Zaldibiaren kasuan gainera, atzo izan zen lehen aldia udaleko ordezkariek gai honen inguruan informazioa jaso genuena. Aurrez, Sail honekin aire azterketa baten baitan neurketa ibilgailuak jartzea ahalbideratzeko hartu-emanak izan ditugu soilik. Horren harira hasi zen gure kezka, baita  herritarrena ere.  Azterketaren emaitzen berri lehenbailehen izatea eskatu zion Sailari Udalak eta hortik atzoko bilerara gu ere deitu izana.

    Ordiziaren kasuan, gai hau udalera sartu berri ezagutu genuen, eta hasieran aipatutako arduragatik, abuztuaren 6an bertan, azalpenak eskatu genizkion Ingurumen Sailari, irailean gurekin urgentziaz biltzeko eskatuz.

    Honela, irailak 18, asteazkena, Lakuan bildu ginen Elena Moreno, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordearen bulegoan, berarekin, eta ordura arteko ikerketak burutu zituzten Saioa Ferro eta Iban Lopez teknikariekin.

    Laburbilduz adierazi zitzaigun 2016an INMA proiektuaren baitan egiten diren neurketen harira, nikelaren neurketak onartutako kopuruak gainditzen zituztela, eta ikerketa abiatu zela, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoa eta Ingurumen Sailetik elkarlanean. Ikerketa horrek aurreikusi

    gabe zeuden iturriak antzeman zituen, eta neurriak hartu ziren. Enpresak hasieratik ezarritako neurriak hartu dituzte, ez dira legez kanpoko isurketak izan, eta ekoizpen prozesuetan aurreikusten ez ziren isurketak izan dira. Legez bete behar zituzten betekizunak betetzen zituzten, eta orain, neurri berriak ere bete dituzte eskatu zaizkien lehen unetik.

    Honela, aire kalitatearen neurketen emaitzak hobetu ziren, eta arazoa konpondu zela uste zen. Alabaina, 2018ko urte amaierako datuak berriro altuak atera ziren, eta gaia konponduta ez zegoela ondorioztatu zen.
    Bilera hartan adierazi zitzaigun Nikelaren isurketa iturriak ez zirela ezagutzen, eta aurretik erabilitako hipotesiek ez zituztela emaitza horiek justifikatzen. Horregatik, ikerketa kanpaina berri bat abian jarri behar zutela adierazi ziguten, 2020ko urtarrilera arte iraungo zuena. Neurgailu gehiago eta baliabide gehiago jarriko zirela adierazi zitzaigun iturriak detektatu ahal izateko.

    Gure ardura ikusita, bilera hartan ez zeuden INMA proiektuak deitu genituen, eta irailak 25 asteazkena, Ordiziako Udalean bildu ginen Jesus Ibarluzea eta Aitana Lertxundirekin. Era berean, Osasun Publikoko ordezkari diren Juan Jose Aurrekoetxea eta Jesus Angel Ociorekin ere bildu ginen urriaren 15, asteartea, Ordiziako Udalean. Helburua, nikelaren egoerak herritarren osasunean izan ditzakeen eraginak ezagutzea. Adierazi zitzaigun, egoera ez zela onargarria, eta horregatik eskatu zutela neurriak hartzea, baina gaia konpontzeko bidean jarri ezkero, eraginak saihestu genitzakeela. Izan ere, nikelaren exposizio etengabe eta jarraitua baita arriskutsua dena.

    Aurten urtarrilean, guk geuk eskatu dugu bigarren bilera hau ere, irailean azaldu ziguten ikerketa kanpaina horren emaitzak ezagutu nahi genituelako. Bertan adierazi zaigu atzoko prentsa oharrean zabaldu zena. Alegia, Zaldibian kokatutako bigarren iturri bat topatu dela, eta kasu honetan ere, dagoeneko neurriak hartu direla.

    Bigarren enpresa honen kasuan ere, isurketa horiek eman zitezkeenik ere ez zen aurreikusten, eta hasieratik neurriak hartu dituzte.

    Nola nahi ere, bi Udaletatik lasaitasun mezua helarazten diegu herritarrei,  isurketa iturriak ezagututa hartutako neurriekin eta hartuko direnekin, airean dauden Nikel partikulen presentzia nabarmen murriztuko dela aurreikusten duelako Ingurumen Sailak. Hala ere arduraz jarraituko dugu gaia, eta hartutako neurrien emaitzak ezagutu arte Ingurumen Sailari azalpenak eskatzen jarraituko dugu.

AZKEN IRUZKINAK

Boletina /