2021erako AURREKONTU PROPOSAMENA azken txanpan

Udal herri batzarrean proposamena aurkeztu ondotik, EAJ-PNVko udal taldeak mahai gainean jarritako aldaketak aztertu ditu Zaldibiako udal gobernuak. Hemen dituzue jasotako proposamenak eta hauen inguruan udal gobernuak egindako hausnarketa eta ostiralean egindako batzorde bileran emandako erantzuna. 2021erako aurrekontuak onartzeko plenoa otsailaren 11n burutuko da.

 

ZALDIBIAKO UDAL GOBERNUAREN HAUSNARKETA

 

Udal aurrekontuen lanketa prozesuaren baitan, bizitako egoeraren baitan bi aipamen egin nahiko genituzke.

LEHENA, pozten gara EAJ-PNVren udal taldeak lehenengoz Zaldibiako Udal aurrekontuen inguruko lanketa egin eta proposamenen bat aurkeztu izanarekin. Legegintzaldia hasi zenetik orain arte egindako esku hartzeak ikusi besterik ez dago https://zaldibia.org/eaj-pnv atarian.  Aurrekontuen lanketa baldintzatu nahian, publikoki egindako adierazpen interesatuen gainetik bada ere, ikuspegi eraikitzaile batean egindako bi proposamen jaso izana, esperantzarako argi printza bezala hartuko ditugu.

BIGARRENA berriz bizi dugun osasun larrialdi honi aurre egiteko erronkari, herri gisa erantzuten jarraitzeko beharra azpimarratzea da. Datorren urtea aurrekoa bezain gogorra edo gogorragoa izan liteke eta egoerarik zailenetan indarrak batu eta aurrera egiteko beharra eta borondatea ezinbestekoa dira egoerari tamainan erantzungo badiogu. Zeregin horretara batzeko deia luzatzen diogu oposizioko udal taldeari bai eta zaldibitar orori.

Zaldibian, 2021eko otsailaren 7an.

Zaldibiako Udal Gobernua

2021. URTERAKO ZALDIBIAKO UDAL GOBERNUAK PROPOSATURIKO AURREKONTUEI,

EAJ-PNVren UDAL TALDEAK PROPOSATUTAKO ALDAKETEI ERANTZUNA

 

Zaldibiako EAJ-PNV-ko udal taldeak BI PROPOSAMEN aurkeztu dizkio Zaldibiako Udal gobernuari 2021eko urtarrilaren 27an burututako BATZORDE INFORMATZAILE IRAUNKORREAN.

 

  1. PROPOSAMENA:

Zaldibiako Udalak hondakinen gestioan duen gastua bere osotasunean herritar nahiz erabiltzaileek ordaintzea, horrela Zaldibiako Udalak bere aurrekontuen gain hartu behar duen defizita (Tasetatik jasotakoa eta Sasietari ordaindu beharrekoaren arteko diferentzia) ezabatzeko.

Proposamen honen bidez etxetako hondakin zerga %49 garestitzea eta industria nahiz komertzio ostalaritzarena %45 garestitzea proposatzen du. Konkretuki gaur egun etxebizitza batean 115€ ordaintzen den tasa 170€ ordaintzea proposatzen du.

UDAL GOBERNUAREN ERANTZUNA:

Lehenik eta behin gogoratu nahi dugu zergatik hazi den hainbeste hondakinen gestioaren gastua. 2020ko urriaren 29an udal tasen inguruko azalpenetan azaldu bezala. Gaizki deituriko Gipuzkoako Ingurumen gunea, hau da errauskailua abian jarri zutenetik errefusaren gestio gastua %600 garestitu du GHK-k. Hau da lehen Mutiloako zabortegira eramaten zen hondakin tonako 35 euro ordaintzen zituen Sasietan eta Errauskailua martxan jarri denetik 192 euro baino gehiago ordaindu behar da errefusa.

Bigarren puntu bezala, gogorarazi nahi dugu azken urteetan defizit hori gutxitzen joateko eta hondakinen sorrera gutxiarazteko plangintza abian dugula eta bide orri horretan jarraituko dugula. Gainera 2021eko udal tasak jada indarrean direnez Zaldibiako Udal gobernuak proposamen hau ez du bideragarri ikusten 2021eko aurrekontuen eztabaidan.

 

  1. PROPOSAMENA:

Lehenengo proposamena gauzatu ahal izateko 2021erako jada udal zerga eta tasak jada pasa den 2020ko urrian onartu zirenez eta 2021eko urtarrilaren 1etik indarrean daudenez bigarren proposamena gaur egun indarrean dauden tasak oinarri hartuz formulatzen da.

Zaldibiako Udal gobernuak proposaturiko 1.872.840,58€tako aurrekontuari gutxi gora behera 24.000€tako aldaketa proposamen zehatzak proposatzen dira hemen zehazturiko partiden gainean.

PARTIDA ZENBAKIA KONTZEPTUA AURREKONTU proposamenaren ZENBATEKOA EAJ-PNVren ALDAKETA PROPOSAMENA
1 0000.226.338.00.01 JAIETAKO GASTUAK 49.000,00 € 40.000,00 €
1 0000.480.162.01.01 HOBEKI 2.500,00 € 0 €
1 0000.480.231.00.01 BEHARRIZAN LARRIETARAKO LAGUNTZA 14.091,00 € 20.000,00 €
PARTIDA PROPOSAMEN BERRIA (EAJ-PNV) Lazkaoko Benediktinoei Ekarpena Artxiboa BERRIA 500,00 €
PARTIDA BERRIA ESKOLA EREMUA – OLALDEKO PARKEA 9.000,00 € 5.000,00 €
PARTIDA PROPOSAMEN BERRIA (EAJ-PNV) Etxez Etxeko Zerbitzua/ Formakuntza/ Azpikontratazio temporala/ PCR zerbitzua kontratazeko BERRIA 8.731,00 €

 

UDAL GOBERNUAREN ERANTZUNAk:

  • JAIETAKO GASTUAK partidatik 9.000€kentzeko proposamenaren aurrean:

Ez da urte erraza izan eta datorrenak ere errazagoa izango ez ote denaren zantzuak ditu. 2020ko aurrekontuetan JAIETAKO GASTUAK partidatik bideratu dira UDA BIZIA, UDAZKEN BIZIA eta NEGU BIZIA bezala garatu diren kultur egitarauak.

Partida honetatik bideratu dira herriko zerbitzu, komertzio, merkatari eta ostalariei lagundu asmoz plazaraturiko Mondeju pintxoa bezalako ekimenak.

Gurean ere 2021. urtea zaila izango dela aurre ikusten dugu eta are zailagoa izango dute kultur sorkuntzaren baratzean jarduten dutenak. Horregatik Zaldibiako Udal gobernuak JAIETAKO GASTUAK izenpeko partidari eustea erabaki du, honekin euskal kultura eta sorkuntzari egiten zaion ekarpena mantenduz, nahiz eta jakitun izan osasun egoerak guztiz baldintzaturik egin beharko dugula.

  • HOBEKI elkarteko partaidetza utzi eta 2.500€kentzeko proposamenaren aurrean:

Hondakinen arazo larri bat dugu. Alferrik sortzen ditugun hondakinekin batetik eta bestetik sortzen ditugun hondakin hauek birziklatzeko ardura betetzearekin. Bide horretan Zaldibian arduratsuak bagara ere edonor ohartu liteke zer hobetu badugula.

Aurten, Errauskailua abian jartzearekin errefusaren kostua %600 garestitu da. Honek hondakinen birziklapenean eman beharreko pausoak azkartzeko premia azaleratu besterik ez du egin. Zentzu horretan pausoak emateko Hobeki elkartea sortu dugu erronka horri heltzeko hautua egin dugun hainbat udalen artean.

Egin beharreko bidea egiteko tresna garrantzitsua izateko sortu da Hobeki. Zaldibiako Udal gobernuak HOBEKI izenpeko partidari eustea erabaki du.

  • BEHAR IZAN LARRIETARAKO LAGUNTZA partidari eta 6.000€ gehitzeko proposamenaren aurrean:

Egoerarik zaurgarrienean dauden herritarrei zuzeneko laguntzak bideratzeko partida da hau. Pasa den urtean 10.000 euroko aurrekontuarekin hasi bazen ere, osasun larrialdiak eraginda zeregin honetarako 15.000 euro bideratu dira aurreko urtean.

Partida honetan izaten diren 2020ko soberakinak partida eta zeregin berdinera bideratzeko erabakia hartua dugu 2021erako. Erabaki berbera hartu da, Gizarte ongizateko gainerako partidekin ere.

Behar izan larriak dituzten herritarrei, tamainan erantzuteko konpromisoa mantentzen dugu eta horretarako egindako aurre ikuspena nahikoa ez den kasuan soilik izendatuko genuke bitarteko ekonomiko gehiago partida honetara.

  • Partida berri baten bidez, LAZKAOKO BENEDIKTINOEI EKARPENA ARTXIBOA kontzeptuarekin 500€tako gastua proposamenaren aurrean:

LAZKAOKO BENEDITARREN FUNDAZIOAk abian duen DOKUMENTAZIO GUNEAren proiektua ezaguna dugu. Aspaldidanik dihardu Zaldibiako Udalak dokumentazioa bildu eta bertara bideratzen. Herriko eragileek sortutako bitartekoak bildu eta bideratzen jarraitzeko konpromisoa berresten dugu.

Euskal Herriko zazpi herrialdetako instituzioek, Euskal Herriko dokumentazio gune ofiziala sortu eta babesteko ahalegin eta erabaki politiko nahikorik gauzatzeko gai ez diren bitartean, Juan Joxe Agirre bezalako herritar konprometituek egindako ekarpena ezinbestekoa denez, berak abiatutako bidea diruz laguntzeko proposamenarekin bat egiten du Zaldibiako Udal gobernuak.

  • Udal gobernuak proposatuta berria izango den partidan, ESKOLA EREMUA – OLALDEKO PARKEA partidatik 4.000€kentzeko proposamenaren aurrean:

Osasun larrialdi garai hauek bereziki gogorrak izaten ari dira zaldibitar txikienentzako. Zaldibiako Lardizabal eskolako irakasle, ikasle eta gurasoek egindako lan eta esfortzuari bultza egiteko sortu du ESKOLA EREMUA – OLALDEKO PARKEA partida Zaldibiako Udal gobernuak.

9.000 euroko diru partida hau, Eskola eremua hobetu , berritu eta garatzeko burutu beharreko lanak finantziatzeko da. Baita, eremu horretan sortu daitezkeen proiektu berriak finantziatzeko ere, adibidez Olaldeko putzuaren inguruan Arantzadiren bidez abian dagoen putzuak eta dibertsitatea lantzeko abian dagoen proiektua.

Egin beharreko bidea egiteko, finantzazioa ezinbesteko tresna denez, Zaldibiako Udal gobernuak ESKOLA EREMUA – OLALDEKO PARKEA izenpeko partidari eustea erabaki du.

  • Partida berri baten bidez, Etxez etxeko zerbitzua/formakuntza/azpikontratazio tenporala/PCR zerbitzua kontratatzeko kontzeptuarekin 8731€tako gastua proposamenaren aurrean:

Udal gobernu honek garbi du Zaldibiako Udalak abian duen Etxez etxeko zerbitzuaren gakoa profesionalen tamaina eta inbertitzen diren bitartekoan arteko biderkaketaren emaitza dela.

Osasun egoerak bete betean eragiten dio eskaintzen dugun etxez etxeko zerbitzuari. Justuki zaurgarrienen eta behar gehiena dutenei zuzenduriko zerbitzua da eta horregatik babesten ditu Udalak zerbitzu hau eta bere erabiltzaileak.

Bide horretan sortu daitezkeen behar berriei aurre hartu asmoz osatu du Udalak etxez etxeko zerbitzurako lan poltsa. Gure ustez zerbitzuaren kalitatea zuzeneko eta gertuko lanetik etorriko da eta ez EAJ-PNV-k proposatuta puntualki edo covid kasu zehatzetarako bada ere azpikontrataturiko kanpo enpresetako langile prekarioek eskaini ditzaketen esku lanetik.

PCR frogak egitea Zaldibiako Udalean jasota dagoen kontingentzia planaren baitan jasota dago. Gainerako osasun irizpideekin batera Udal langile guztiei eragiten die. Beraz, Zaldibiako Udal gobernuak partida berri hau ez sortzea erabaki du.

 

Zaldibian, 2021eko otsailaren 5ean.

Zaldibiako Udal Gobernua

Lotura interesgarriak: