Udal Gobernu Plana 2023-2027

Zaldibia Gobernu Plana 2023 2027

Aurrean duzuna, hurrengo hilabete eta urteetan Zaldibia eraldatzen jarraitzeko plana duzu. Plan honek bide-orri bat marrazten du, gure herria herrigintzaren kulturatik egina, komunitateren zaintzan oinarritua eta herri bizigarria izan dadin, jasangarritasunean eta berdinzaletasunean.

Ez dugu bidea hutsetik hasi, baina legealdiaren 4 urteko iraupenak, erronkak, pausoak eta mugarriak marrazteko balio digu. Eta plan honek horixe jasotzen du, 2023-2027 aldiaren baitan gauzatu edota abiatu nahi diren egitasmo eta helburuen zerrenda.

2023ko maiatzeko udal hauteskundeetara aurkeztutako herri programan, aurreko legealdian abiatutako prozesu eta proiektuetan, eta udal-langile, hautetsi edota herri-eragile ezberdinen lankidetzan jasotzen ari garen ekarpenetan du jatorria dokumentu honek. Udaleko jarduna eta lana ordenatzeko bokazioa duen lan dokumentua da, lau-urteko honetan erreferentziazko lan euskarria izango duguna.

Ez da dokumentu itxi bat, ordea, ekarpenetara irekia dagoen plan bizia da. 100 egitasmo proposatzen ditu, Zaldibiaren eraldaketan sakontzen jarraitzeko. Horregatik, lan dokumentu bat den heinean, elkarlanerako gonbidapen bat ere bada: bidea elkarrekin, zaldibitar guztiekin, egiteko gonbidapena, sarea osatuz eta elkarlanean gure indarrak biderkatuz.

LAU ERRONKA, OINARRI BAT: HERRIA

Zer datorkigu burura erle edo inurriez pentsatzean? Lana, taldea, ELKARLANA. Senak agintzen die nola jokatu, erle bat bakardadean galbidera kondenatua baitago. Geuk ere gure barnean, egungo mundu honek indibidualismora eramaten bagaitu ere, badakigu bakarrik ez garela ezer.

“Bakarrik bazoaz azkarrago iritsiko zara, lagunduta bazoaz urrunago.” Hala dio afrikar jatorriko esaera zaharrak.

Garai aldakorrak bizi ditugu, aldaketa handiko eta azkarreko garaiak, garai erabakigarriak mundu mailan. Gerra hotsak, kapitalismo basatia, patriarkatua, eskuin muturra, klima aldaketa. Erlauntza barnean hobe ote geundeken…

Baina hori ez da aukera bat, horrela amaierara kondenatuko genuke geure burua. Eta gure kondena bakarra esperantzarena da. Munduaz jabetu eta erronka globalei tokitik, txikitik heldu. Elkartu eta antolatu, erlauntzatik atera, inguruan izan badiren lore ederren bila eta atzera berriz erlauntzan babestu.

Elkarlan eta antolaketa horretan, LAU ERRONKA identifikatu eta xehetu ditugu, gure herriaren ardatz gisa:

  1. Komunitate eta zaintzaren lanketa sakona egin, elkar harreman anitz eta berdinzaleak helburu. Misio/erronka eta ekimen zehatzak HEMEN.
  2. Bizitza duinak biltzen dituen herri bizigarria izan, trantsizio ekosozialean urratsak emanez. Misio/erronka eta ekimen zehatzak HEMEN.
  3. Herrigintzaren Kultura berreskuratu eta indartu, euskal kultura eta partaidetzaren kulturari, eta ekintza komunitarioari bide eginez. Misio/erronka eta ekimen zehatzak HEMEN.
  4. Antolakuntza eta lana: udalgintza herrigilea eta elkarlan-sarea oinarri. Misio/erronka eta ekimen zehatzak HEMEN

 

Jarraian dituzue euskarazko zein elebitako dokumentua deskargatzeko moduan: