Uraren indarra, ZALDIBIAKO ERROTAK

Hainbat urtetan geldirik egon ondoren, irina egiteko gai dira berriro Kanpain errotako harriak. Jabeek hitzarmena adostu dute Udalarekin eta proiektu bat abiatu da horren baitan, Zaldibiako uraren indarra eta erroten historia berreskuratzeko helburuz. Auzolanari esker errotak martxan jartzeko urratsa egin da, 2022ko maiatzean ospatu den Gipuzkoako Errota Egunarekin abian jarri dira errota-harriak.

Zaldibian izan ziren eta dirauten erroten iguruko informazio bilketa burutu dute herriko hainbat ikaslek. Beste talde batek auzolanean eta Aramako Ibares errotako lagunen gidaritzapean Kanpaingo errota konpondu eta abian jarri dute. Hemendik aurrera urtean pare bat aldiz zabaldu eta martxan jarriko da herritarrek esku artean dugun ondarea ezagutu dezaten.

1- Urtsuko errota

1605ean aipatzen da lehen aldiz, Abaltzisketako Juan Armendariz arotzak bertan egindako hargintza eta zurgintza lanen harira. Ehun urte beranduago, 1705ean, Ordiziako Isasagatarren izenean zegoen. Ez da jakiterik izan noiz arte egon zen martxan. Urtsubi errekatik hartzen zuen ura. 

 

2- Zubieta errota (Zubiberrieta, Huarkazabaleta, Markazabaleta)

1790eko hamarka hasieran eraiki zuen Frantzisko Jauregik. XX. mendean errota eta zentral elektriko moduan funtzionatu zuen. Juan Manuel Mendizabal aurrena eta Juan Bautista semea ondoren, izan ziren azken errotariak: 1961 arte errota publiko gisa, eta beste zenbait urtetan modu pribatuan. Bi harri parerekin lan egiten zuen, Amundarain errekako 400 l/s ur-emariarekin. Gaur egun Irastorza Sukia sendia bizi da bertan, eta argi-indarra martxan dute.

 

3- Olako errota, goikoa

Antzina burdinola izandakoa. 1621ean Muskildi baserriko Joan Maiz zen errotaria. Azken urteetan bi harri parerekin lan egin bazuen ere, garai batean hiru izan zituen. Amundarain errekatik hartzen zuen ura, Unanubietako presa baliatuz aurrena, eta Brauliorena ondoren.

 

4- Olako-errota, behekoa

Argi-indarra sortzeko eraiki zuten aurrekoaren behealdean, handik ateratako urak baliatuz. 1927an Ordiziaraino zihoan tentsio altuko linea bat ezarri zen bertan. 1933an Legorretako paper-fabrikako nagusia zen Juan Joxe Etxezarretaren eskuetara pasa zen. Harri pare bakarrarekin lan egiten zuen. Joxe Erauskin izan zen Olako errotako azken errotaria (1965). 

 

5- Juanmanuelene errota (Santa Fe, Murua-errota)

1925ean erosi zuen Juan Manuel Mendizabalek Zubimusu etxea. 1931n irin-errota publiko gisa alta eman zitzaion, eta ordurako elektrifikatuta zegoen. Geroago, okindegi eta janari denda ere gehitu zizkion. 1965ean Antonio Muruak erosi zuen. Amundarain errekako urak eta Zubieta errotako argindarra baliatzen zituen, eta bi harri parerekin lan egiten zuen.

 

6- Beheko errota (Beko-zelai errota)

Aurrez altzairuen fabrika izana. 1905ean Amerikatik etorritako Erauskinek errota eta zentral elektrikoa jarri, eta 1910eko hamarkadan herriko 80 familien argia ekoizten zuen, Kanpaingo errotarekin batera. Geroago Zubieta errota ere gehitu zitzaien. 40ko hamarkadan hobekuntzak egin zituzten, hiru harri parerekin lan egitera pasaz. Okindegia ere bazen bertan. Felipe Erauskin izan zen azken errotaria. Amundarain errekako uraz baliatzen zen.

 

7- Errotatxiki

1900. urtean jarri zen martxan. Hamar urte ingururen buruan, ordea, erre egin zen. Harrez geroztik abandonatuta dago. Amundarain errekako uraz baliatzen zen, eta hari itsatsita zegoen, Elbarrena auzoko Aldaburu baserriaren pare inguruan.

 

8- Errotaberri

Lehen aipamena 1890ekoa da, eta une hartan Francisco Arruabarrena zen errotaria. 1902an martxan jarraitzen zuela badakigu, baina ez dago informazio gehiago. Errota Munduate fabrika zenaren lurretan kokatzen zen. Gerora "Makinetxe" egon zen bertan, eta gaur egun Orkli kooperatiba. Zaldibiako lurren hasieran, Aizpuruetxeberri baserria baino goraxeago zegoen presako uraz baliatzen zen.

 

9- Kanpaingo errota

Kanpaingo monastegia 1134an aipatzen da lehen aldiz. Errota bezala lehen aipamena, ordea, 1620. urtekoa da, eta Katalina Jauregi zen errotaria. Azken ehun urteetan, laurogeiko hamarkadaren hasierara arte, Garmendiatarrek ustiatu zuten. “Juanixio” Garmendiak jarri zuen Zaldibiako lehen argindar sorgailua, uraren indarra alternadore bati esker elektrizitate bihurtuta. Bi harri parerekin lan egiten zuen, Amundarain errekako urekin hornituz. Orain gutxi konpondu da auzolanean, herritarrekin eta udalarekin elkarlanean.

 

2022 Errota eguna Zaldibian


Erlazionaturiko informazioa: