Etxeko iturritik jasotako altxorra: OSINBERDE, Zaldibiko ude

Herri gutxik dute gurea bezalako iturburu emaritsu eta naturala, etxeko iturriraino ekarria. Balio edo altxor hori sustatzen jarraitzeko kanpaina bat jarri du abian Zaldibiako Udalak. Pasa den larunbatean, Olakosain kokatuta dagoen Artxalgo ur biltegian jarri berri den iragazketa sistema berria ikusteko aukera izan zuten bertaratutako herritarrek.

Pasa den larunbatean goizeko 10:30etik 12:30era bitartean, Olakosain kokatutako Artxalgo ur biltegia barrutik bisitatu, ura iragazteko jarri berri den sistema ezagutu eta  Aguazilaren eskutik azalpenak jaso zituzten bertaratu ziren 30 herritar baino gehiagok.

ARTXALGO BILTEGIA ETA IRAGAZTE-SISTEMA IKUSTEKO AUKERA

Zaldibiako Udalak, Osinberden jaiotzen den ura hodi bidez ekartzen du Olakosain kokatutako Artxalgo udal ur-biltegira, biltegi-ama esan dezakegunera. Bertan kloratu eta banatzen da ura herriko beste ur-biltegi eta etxeetara.

Zaldibiak maitea du Aralarren jaio eta etxeko iturrira dakargun ura, hornidura Udalaren beraren eskumena delarik. Ur-sistema hobetzeko Udalak egina duen azterketaren baitan, lehentasunetako bat zen iragazte-sistema hau jartzea. Izan ere, kolpeko euri-jasak izatean, ur arrea sartzen zen hornidura-sisteman eta honi konponbidea emateko erronka hartu zen iaz. Gaztelu iturgintzak eta Eulerrek garatu dute sistema, iazko abendutik martxan dagoena.

OSINBERDE, ZALDIBIKO UDE kanpaina herriko ostalaritzan

Herri gutxik dute gurea bezalako iturburu emaritsu eta naturala, etxeko iturriraino ekarria. Balio edo altxor hori sustatzen jarraitzeko kanpaina bat jarri du abian Zaldibiako Udalak ostalarien laguntzarekin, herriko taberna eta jatetxeetan ere Zaldibiko ude kontsumitu dezagun, bertakoa, plastiko eta energia xahuketarik gabea.

Horregatik, herriko ostalariek Zaldibiako Udalak emandako pitxarrak jaso dituzte eta larunbatetik aurrera jatorduetan pitxarreko ura, Zaldibiko Ude, eskatzera animatzen ditugu herritarrak, botilako ura eskatu beharrean.

Inork ez du zalantzan jartzen kalitatezko uraren balioa, nahiz eta batzuetan ahaztu egiten zaigun benetan zer altxor daukagun. XXI. mendeko petroleoa izango dela ere aurreikusten dute adituek, ur eskasiak arazo izaten jarraitzen du oraindik ere munduko leku askotan, eta Klima Larrialdian murgilduta gaudela, egoerak okerrera egingo duela agerikoa da.

Zaldibian, Aralarren oinean, mendi-barrunbeetatik jaiotzen den ura dugu bizigai: edateko, elikagaiak prestatzeko, garbitzeko, ekoizteko, jolasteko, ikusteko, entzuteko, ukitzeko… Amalurrak eman, guk hartu.

Bestaldera ere behar du, ordea: guk eman eta amalurrak hartu. Zer? Balioa eman, zaindu, maitatu.

Etxean bezala, herriko ostatuetan ere, eskatu Osinberde, Zaldibiko Ude.

OSINBERDE, Zaldibiko Ude

Zaldibian, 2021eko otsailaren 21ean.

LOTURA: