Zaldibian abiatu zen 'Egin nirekin ere euskaraz!' kanpaina sortzeko ideia 2023an, eta Euskal Herriko hainbat herritara zabaldu zen ondoren. Lehen aldi horretan UEMAko hainbat herritako haurrek eta nerabeek parte hartu zuten, tartean Zaldibiakoek, eta euskaldun arrazializatuen inguruko aurreiritziak gainditzeko asmoarekin jarri zen martxan. Aurten bigarrenez abiatu da ekimena, eta oraingoan beste herrialdeetatik etorri diren eta ostalaritzan eta merkataritzan lanean ari diren euskaldunak ikusaraztea du helburu.
'Egin nirekin ere euskaraz!' kanpainan UEMAko herrietako hainbat ostalari eta merkatarik parte hartu dute, tartean Zaldibiako Illati tabernako Valeria Medinak, hain zuzen ere. Zaldibiarrarekin batera kanpainan agertzen dira Azkoitia, Mutriku, Ibarra, Tolosa, Arbizu, Etxarri Aranatz, Larrabetzu, Lezo eta Lekeitioko zenbait herritar. Beste herrialdeetatik Euskal Herrira etorri dira bizitzera guztiak, eta ostalaritzan eta merkataritzan lanean dihardute. Euskara ez da beren lehen hizkuntza, baina ikasi dute, eta euskaraz aritzen dira bezeroekin. Askotan, ordea, azalaren koloreagatik edota aurreiritziengatik, erdaraz hitz egiten diete herritarrek eta, horrela, nolabait ere, kanpotar direla seinalatzen diete.
Euskaldunak dira Amin, Ansou, Narcisa, Rizwan, Keyla, Marcos, Maurizio, Guina, Jennifer, Daniel, Michele eta Valeria. Badakite euskara dela zubirik ederrena euskal komunitatean sartzeko, eta euskara ukatzen dieten bakoitzean zubia ere ukatzen dietela sentitzen dute, kanpokoak direla esaten zaiela zeharka, alegia. Horregatik, beraiei ere euskaraz egitea nahi dute. Gustatzen zaielako, eta euskaldunak sentitzen direlako.
'Egin nirekin ere euskaraz' kanpainak Kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan egitasmoan du abiapuntua. Kulturartekotasuna lantzeko egitasmoa Zaldibian abiarazi zuen UEMAk lehenik, HUHEZIrekin eta herriko hainbat eragilerekin batera, eta azken urteotan 29 herritara zabaldu da. Herri horietako zenbaitek kezka adierazi dute, lanketa handia egin arren aurreiritziek indar handia dutelako oraindik, eta beste herrialdeetatik etorritakoei askotan erdaraz egiten dietelako herritarrek, euskaraz jakin arren. Horren aurrean, euskarak kolore asko dituela, eta azalaren kolorea askotarikoa izan arren herritar horiek ere euskaldunak direla nabarmendu nahi du kanpainak.