2026ko inauteriak: esna dezagun hartza, esna udaberria!

Aurreko astean iragarri zenez, herriko hainbat eragilek elkarlanean inauterietarako egitaraua osatu dute, negu parteko ospakizunei amaiera eman eta udaberriari ongi etorria egiteko. Jarraian otsailaren 13an izango denaren berri.

 

Jarraian dituzue motzean eta aurtengo otsailaren 13ari begira antolatzaileek emandako azalpenak:

Nondik etorri da lanketa?

Inauteriak iristean, finkoa den horretatik aparte (eskolako haurren desfilea eta emanaldia), urtez urte eta antolakuntzarako indar, gogo edo aukeren arabera osatu izan da egitaraua herriko eragile ezberdinen aldetik. Orain arte, ordea, ez da egitaraua egonkortzea lortu eta aurten abiatuko den ekimenak, besteak beste, horixe du helburu: eragile ezberdinen inplikazioarekin herri mailan egonkortuko den eta herritarren partehartzea sustatuko duen inauteri festa antolatzea.

Eta zer ospatzen dugu ba iñauteriarekin?

azko azaroan Guraso Elkarteak antolatuta Oier Araolaza antropologoaren hitzaldia izan zen eta neguko ospakizunak izan zituen hizpide: gau beltza, eguberriak, iñauteriak… Festa-erritu hauek, aspaldiko jatorria dutenak eta munduko txoko ezberdinetan errepikatzen direnak, gizakia eta naturaren arteko harremanean dute muina. Negua iristearekin batera, eguzki zaharra agurtu eta berriari dei egin izan zaio hainbat ekintza eta errituren bidez, zalantzazkoa baitzen eguzki berri hori etorriko ote zen edo ez, natura berriro esnatuko ote zen edo ez… Zalantza, beldur, itxaropen, antsietate edo poz, emozio saltsa horrek, ezaugarritzen ditu neguko ospakizunak, hasi gau beltzetik eta inauteria arte.

Eta azaroan itzaltzen doan natura, eguzkia, lotara leizezulora doan hartza, otsaila-martxoan pizten eta esnatzen da. Eta gizakiak esnarazten laguntzen dio, ez dugu eta betirako negurik nahi. Eta esnatu eta pozten gara, gure poz hori elkarbanatuz, kantu, irri eta festarekin. 

Ostiralean ohiko egitaraua izango da?

Ohi bezala, 14:30-14:45ean Lardizabal Eskolako ataritik herrian barrena kalejira-desfilea eginez plazara joango gara, eta han emanaldia eskainiko da. Ondoren txokolatea eta bizkotxoak banatuko ditu Guraso Elkarteak haurrentzat eta familientzat ere meriendatxoa osatu nahi da. Ondorengoa, ordea, berria izango da aurten eta eskolako kalejira ere Goiztiri txarangak gidatuko du.

Zer egingo da ba?

Euskal erritu eta inauterian oinarrituz eta inauterien berezko zentzua kontuan izanik, HARTZA esnatu eta erakarriko dugu. 17:00-17:30ak aldera kontakizun bat eskainiko dute Herri Hezitzaileen taldeko eta Antzerki taldeko kideek eta handik abiatuta hartza aurkitu, esnatu eta plazara ekartzea izango dugu erronka. Baina esnatzea lortzen badugu, kontuz! Hartza basatia da bere nortasunean eta negu luzearen ondoren gosea izango du! Aurrean jartzen bazara... Eskerrak inguruan izango dituen zirikatzaile eta txotxomotxek uxatuko gaituzten hartzarengana gehiegi gerturatzerako. 

Eta hartza ekarrita, zer egingo dugu?

Ba ospatu egingo dugu eta denon agurra eta dantzak eskainiko dizkiogu. Iztueta Dantza taldekoen laguntzaz, herritar guztiok dantzara! Eta hartza Aralarra joan ondoren, festak jarraitu egingo du. Urteak daramatza Frantzisko Santxoneta soinu-joleak kantu saio eta erromeriak alaitzen, Euskal Herri osoan zehar eta bereziki Nafarroan. 18:30etik aurrera gurekin izango da afalordura arte, bai plazan, bai herriko tabernetan kantu eta dantzarako giroa jarriz. 

Nola parte hartu dezaket?

Haur, gazte, heldu, guztiontzako festa egin nahi izan dugu. Egitarauan jarritako ekimenetan parte hartuz, mozorrotu nahiz disfrazatuz, eta antolatzeko esku bat botatzeko prest bazaude ere, antolatzaileei horren berri emanez. 

Eguraldi txarra bada zer?

Ba eguraldi txarra egitea ere aurreikusi behar denez, festa Resti frontoira eta iluntzean plazara mugituko litzateke. Xehetasunak eguna hurbildu ahala emango dira. 

 

Antolatzaileak: Ausa Gaztelu Guraso Elkartea, Lardizabal Eskola, Zaldibiako Udala eta Gaztelekuko, Iztueta Dantza Taldeko, Herri Hezitzaileko, Antzerki taldeko, Etxekonekok Elkarteko, Xirika Elkarteko, Goiztiri txarangako kideak (egitaraua osatuz antolatzaile eta laguntzaile gehiago elkartzen ari dira oraindik).