Bihar, abenduak 14, berrogeita hamar urte beteko dira Etxabe autobusak lehenengo bidaia egin zuenetik.
2013ko abenduaren 14an, 50 urte beteko dira Zaldibian Etxabe autobusaren zerbitzua martxan jarri zela.
“Autobus Etxabe S.L.” autobusaren zerbitzu hori, lau zaldibitarren ekimenez antolatu zen.
Ramon Etxabe, Eugenio Sukia, Peio Arruabarrena eta Peio Sukia izan ziren, 1963.urtean, Zaldibian autobus zerbitzu hau martxan jartzeko baimena eskatu zutenak.
Beharrezkoak ziren tramitazio guztiak egin ondoren, 1963ko abenduaren 14an, goizeko 7:22an Zaldibiako Tejeriatik abiatu zen lehen Etxabe autobusa.
Autobus zerbitzua zaldibitar eta Zaldibian lana egiten zuten askok erabili zuen.
Lehen autobus hau, Tejeriatik goizeko 7:22an irten zen eta goiko kalean nahiz beheko kalean geldiuneak eginez, goizeko 8retan CAFeraino iritsi zen.
Beranduago, Bilore enpresan lana egiten zuten langileek ere autobusa erabili zuten.
Autobus zerbitzu honek mota guztietako erabiltzaileak izan zituen: langileak, esnezaleak, baserritarrak, ikasleak, herritarrak,…
Autobusak herritar askori gauza ugari eskuratzeko aukera eman zien: botikak (garai batean Zaldibian ez baitzen farmaziarik), arropa,… Nolabait, esan daiteke, rekadista zerbitzua ere betetzen zuela Zaldibiako autobus zerbitzuak.
Autobus linea honek, egungo Goiarrialdea zerbitzua martxan jarri arte iraun zuen, hau da 2007ko uztailaren 1a arte.
Astelehenetik igandera autobus zerbitzua izan zen. Ordutegia, hainbat beharretara lotuta zegoen: batetik, CAF eta Bilore enpresetako langileen ordutegietara, eta bestetik, ikasleen eta trenen ordutegia ere kontuan hartzen zuen.
Amaitzeko esan nahi dugu, autobus zerbitzu hau zaldibiarrentzat eta Zaldibiako herriarentzat oso baliagarria izan dela.
Albiste honen bitartez herritarrei urteurrenaren berri emateaz gain, proiektua martxan jarri zutenekin eta beraien senideekin 50.urteurrena partekatu nahi izan dugu, gure esker ona adieraziz.