ANIZTASUNARI ATZEKO ATETIK BEGIRA. MIGRAZIOEN ERREALITATE ALDAKORRA(K) ETA BIZIKIDETZA EREDUAK. Hizlariak: Maitane Barrenetxea eta Markel Ormazabal ( Aztikerreko kideak). Eguna: 2017ko urtarrilaren 12an, ostegunaOrdua: 18:30Lekua: Karreane kultur etxea
Aniztasuna ez da berez ona edo txarra, polita edo itsusia. Aniztasuna errealitate bat da, gure sozietateen ezaugarri behinena. Eta errealitate bizitua edo egunerokoa delako balio du zernahi adierazteko gaur aniztasuna hitzak. Etengabe aldaketan ari diren sozietate konplexuetan bizi gara, eta aniztasuna hitza ere mugimenduan agertzen da etengabe. Ez alferrik, XXI. mendearen hastapenetan nazioarteko migrazioa bertakotzearekin batera, aniztasunaren orain arteko kategoriak zabaldu eta ugaritu egin dira.
Hala eta guztiz ere, migrazioen fenomenoarekin lotzen dugu errazen aniztasuna. Betikoak izan dira migrazioak historian zehar. Areago, testuinguru historikoaren emaitza da migrazioen fenomenoa, eta hala, garaian garaiko eta testuinguru horren araberako ezaugarriak izango ditu.
Eta migrazioak aipatzen ditugula, gizarteratzea, integrazioa, inklusioa, eta gisako hitzak oroitzen ditugu. Hitzok harreman estuan agertzen dira sozietatearen eraikitze-prozesuarekin, baina ezinezkoa izango da prozesuaren egikaritzea baldin eta aniztasun hori ematen den testuingurua ulertzen ez badugu.
Gaur egungo migrazioen ezaugarriak aitzakia hartuta, aniztasuna eta kultura kontzeptu labainkorren artetik igaro, eta bizikidetza ereduez gogoeta egiteko gonbitea egin nahi dugu urtarrilaren 12ko solasaldian.