Euri jasaren egunean bertan hasi eta segidan egin diren lanekin konponduta geratu dira erauntsiak bideetan eragin zituen kalteak. Herenegungo Diputatuen Kontseiluak erabaki duenari buruzko jakinarazpena jaso berri dugu: Zaldibiako Udalak 32.963,80€ko zuzeneko diru-laguntza jasoko du.
2020ko ekainaren 2ko Diputatuen Kontseiluak Zaldibiako Udalari diru-laguntza ematea onartu du. Hala, 49.974,23€-ko (BEZ barne) kostua izan duten lanei aurre egiteko 32.963,80€ jasoko dira Gipuzkoako Foru Aldunditik eta gainontzekoari (17.010,43€) Zaldibiako Udalak egin beharko dio aurre. Erauntsia ez da garai samurrenean etorri, Udalaren aurtengo aurrekontuak murrizketak eta ezohiko egoera bati aurre egiteko gastuak jasan beharko baititu.
Laguntza eskertuz eta komunikazioan izan diren gora-beherak hurrengoan errepikatu ez daitezen eskatuz, gutuna bidali dio Eztitxu Mujika Mariezkurrena Alkateak, Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuari. Izan ere, Diputatuen Kontseiluak asteartean onartu eta Udalak jakinarazpena gaur jaso badu ere, maiatzaren 27an sare sozialen eta komunikabideen bidez zabaldu zen albistea, Udalak horren berri aurrez izan gabe.
Jarraian ikus ditzakezue lanak egin ondorengo argazkiak.