Ate Irekien Jardunaldia

Ostiral honetan, hilak 26, 16:00etatik 20:30era bitartean, PLAZAN eta ARTXANBERRIN Ate Irekiak izango dira, herritar guztiei irekiak. Herriko plaza eraberritzeko ideia-lehiaketa eta Artxanberrirako prestatu den proiektua azalduko dira bi guneetan eta informazioa jaso eta iritzia emateko aukera izango da. Bertara hurbiltzeko gonbita luzatzen dizue Udalak herritar guztiei.

Zaldibiako Udala “Zaldibia eraberritzen” partaidetza prozesua garatzen ari da, eraikin publikoen inguruan hausnartu, iritziak elkarbanatu eta erabakiak hartzeko. Iazko azarotik aurtengo otsailera garatu zen partaidetza faseak hainbat emaitza utzi zituen: ondorioen txostena eta aurtengo erronkak.


Ondorioei dagokionez, plaza eraberritzearen beharra eta lehentasuna agerian geratu zen. Udal Eraikin berria eraikitzeko eta aterpe bat izateko beharra, bereziki. Guzti honek paisaian ondo integratuta egon behar duela eta herritarren beharrei erantzun behar diela oinarri izanik, arkitektoei zuzendutako ideia-lehiaketa batek laguntza handia eskainiko lukeela ondorioztatu zen. Era berean, eraikinak eta aterpeak eman beharreko zerbitzuak ere zehaztu ziren.


Hori horrela izanik, aurtengo urterako bi erronka nagusi zehaztu ziren:

1.- Plaza eraberritzeko IDEIA-LEHIAKETA egitea. Plazan udal eraikin berria eta aterpea behar ditugula ondorioztatuta eta aukera ezberdinak mahai gainean izateko, arkitektoentzat lehiaketa aurten antolatu eta garatzea erabaki zen.

2.- Gaur egun plazan (Udaletxe ondoan) dagoen Kultur Etxe zaharrean ematen diren zerbitzuak lekualdatzea, horretarako Udalak Artxanberrin duen lokala egokituz. Izan ere, gerora Udal eraikin berria gaur egun Kultur Etxe zaharra dagoen lekuan eraikitzea aurreikusten da, hartara bitartean Udal zerbitzuek eta behe solairuan kokatzen den Beti Gaztek ez lukete zerbitzua eten beharko.

Udalak, finantzaketa bideak jorratzeko konpromisoa ere hartu zuen. Ziurtatuta dago bi erronka hauei erantzuteko adina diru badagoela, eta aurrera begira espektatibak onak dira.

Udaleko bi alderdi politikoek eta udal teknikariek, proposamenak landu dituzte azken hilabeteetan: ideia-lehiaketaren baldintza eta arauak, eta Artxanberriko proiektua, baita bi erronkak parte hartze bidez nola garatuko diren azaltzen duen partaidetza eskema ere. Proposamen hauek herritar guztiek ikusi eta baloratu ditzaten,  MAIATZAren 26an, OSTIRALA, arratsaldeko 16:00etatik 20:30era bitartean, ATE IREKIAK antolatu ditugu aurtengo erronka diren bi guneetan: HERRIKO PLAZAN eta ARTXANBERRIN.

Egun horretan eta denbora tarte horretan gune horietara joaten denak, gune bakoitzari dagozkion azalpenak jasoko ditu (erakusketa moduan eta hitzez), eta zalantzak argitu zein iritzia emateko aukera izango du.

Herri erronka hauei, herritar guztiekin batera heldu nahi diegunez, maiatzaren 26an Ate Irekietara etortzera gonbidatzen ditugu herritarrak.

Oharra: egun horretan etortzeko aukerarik ez duenak eta informazioa jaso eta iritzia emateko interesa duenak, Udaletxera jo dezala lasai.