Ateak Ireki 2024

Euskal Diasporarekin harremanak indartu nahi dituzu? Bueltan da “Ateak Ireki”, eta bueltan da Goierriko familientzat Estatu Batuetako euskal gazte bat etxean hartzeko aukera. Ekainaren 22tik uztailaren 14ra, hiru asteko egonaldia eta kultura trukea egitera etorriko dira diasporako euskaldunak. Izen-ematea zabalik maiatzaren 5a arte. Informazio guztia, jarraian.

 

Euskal Herriko eta Estatu Batuetako euskal jatorria duten nerabeen arteko loturak indartzeko asmotan sortu zen 2020an “Ateak Ireki” programa. Aurreko urteko edizioak arrakasta handia izan zuen 37 euskal amerikar gaztek, Goierriko familietan hiru asteko egonaldi aberasgarria egin ostean. Hauek euskara eta euskal kulturan murgiltzeko eta, horrela, euren arbasoen lurraldea hobeto ezagutzeko aukera izan zuten, euskara, historia, dantza, euskal kirola, musika eta mitologiaren alorrean.

Okasio berriez jositako edizio honi ekin diogu aurten, eta helburuak argiak dira: familien eta euskal jatorria duten nerabeen arteko loturak sortu eta sendotu. Horregatik, Goierriko hainbat udalerritako familiei deialdia zabaldu nahi diegu euskal estatubatuar bat etxean hiru astetan zehar jasotzeko. Euskal Diasporako gazteekin harremanak sortzeko aukera paregabea da etxekoentzat; ahaztuko ez duten esperientzia.

Ekainaren 22an hasi eta uztailaren 14ra arte luzatuko dugu hiru asteko edizioa. Gainera, aurten, denbora eta egun gehiago eskainiko dizkiegu familiei gaztearekin egoteko, eta bertako nerabeek astean zehar aukera izango dute diasporako kidearekin ekintza ezberdinetan elkarrekin parte hartzeko. Hainbat dira Euskal Diasporakoekin  egingo ditugun irteerak, baina klase gehienak Maizpide barnetegian egingo dira.

Bizilagun bat hiru astetan zehar etxean sartzeko gaitasuna duten familiak bilatzen ditugu. Aurreko edizioetako familiek ere parte hartzeko aukera izango dute, eta bi parte-hartzaile  hartu ahal izango dira etxebizitzako. Goierriko udalerrietako sendiak lirateke “Ateak Ireki 2024”rako aproposenak (hurbiltasunagatik, gehienbat), baina hemendik at interesaturikoren bat egonez gero, gustura asko hartuko genuke.

Gauzak horrela, gurekin harremanetan jartzera gonbidatzen zaituztegu ateakireki@ateakireki.eus posta elektronikoaren bitartez; bestela, informazio gehiago biltzekotan https://www.ateakireki.eus/ webgunea bisitatu zenezakete. Jarrai dezagun guztion artean Euskal Diaspora eta Euskal Herriaren arteko loturak sortzen eta indartzen.

Ateak Irekiko lantaldea