Atez ateko hondakin bilketa Zaldibian

Herritarrekin batera Zaldibiako atez ateko bilketa diseinatzeko 16 bilera egin ostean 620 lagunekin, hauxe da herritarrekin batera erabaki den behin betiko modeloa: Hondakinak gaika sailkatzeko, etxe bizitza bakoitzari dagozkion kuboak eta poltsa konpostagarriak doan banatuko ditu Mankomunitateak. Hemen duzue etxeetara bideratu den esku orriak duen informazioa.

Aurreko sistemarekin alderatuta, diferentzia bakarra da: orain arte sailkatutakoa edukiontzi komunitarioetan botatzen zen; hemendik aurrera berriz, asteko egutegi baten arabera, kubo indibidualetan aterako da. Zaldibiaren kasuan, gainera, gai organikoa ere bereizita jasoko da hemendik aurrera eta konposta egingo da horrekin. Orain arte errefusarekin batera jasotzen zen eta zabortegira eramaten zen.

Hondakinak ondo bereizi ahal izateko, gai bakoitzera zein hondakin bota behar den adierazten duen gida ere banatuko da. Hauexek dira bereizita jasoko diren gaiak:


GAI ORGANIKOA
Nagusiki janari hondarrak dira, bai janari gordinarenak baita prestatu ondorengoak ere.

Kubo aireztatua: Kubo hau etxe barrurako da, poltsa konpostagarriekin batera erabiltzen da.
Poltsa konpostagarriak: Hauek erabiliz gero, hondakinak aireztatuta daude eta usainik ez da sortzen.Lurruna iragaten uzten dute baina likidoa bertan geratzen da, iragazgaitza baita. Konpostagarriak ere badira; beraz organikoarekin batera konposta bihurtuko da.
Organikoa kalera ateratzeko kubo itxia: Hau kalera atera eta bilketa zerbitzuekin adosturiko puntuan utzi beharreko kuboa da.

PAPERA ETA KARTOIA
Egunkariak, aldizkariak, paperak, sobreak edo antzekoak edota kartoizko kaxak eta ontziak.
Kubo indibidualak edo komunitarioetan aterako da papera eta kartoia, etxebizitza bakoitzeko bizilagunek erabaki bezala.


PLASTIKOZKO, METALEZKO ETA BRIKerako ONTZI ARINAK
Edarien, xaboien edota garbiketako produktuen ontzi guztiak, bilgarriak, latak, kontserben ontziak eta brikak.


ERREFUSA
Birziklatzeko ahal den guztia sailkatu ondoren geratzen dena ontzi honetan sartuko da. Gai oso txikia izan ohi da, eta norbere higienerako produktuek nahi osasun produktuek, paper zikinak et aldikako hondakinek osatzen dute bereziki.


EDUKIONTZI KOMUNITARIOAK
Kaleetan dauden tokian mantenduko dira, ondoko gaietarako edukiontzi komunitarioak:

Beira
Erabilitako arropa eta oihalak
Pilak eta telefono mugikorrak
Sukaldeko olioa


TRASTEEN BILKETA
Bolumen handiko trasteen bilketa orain arte bezala mantenduko da eta hilabete bakoitzeko bigarren eta laugarren astearteetan egingo da bilketa. Trasteak zeregin horretarako adosturiko lekuan utzi beharko dira.


PIS-OHIALEN, KONPRESEN eta ANTZEKOEN BILKETA BEREZIA
Egunero atera ahalko dira poltsa berezi batean sartuta eta egun horretan tokatzen den gaiari tokatzen zaion kuboaren barnean.


GARBIGUNEAK
Orain arte bezala jarraituko dute. Edozein unetan erabili daitezke etxeko hondakinak edota bolumen handikoak uzteko.


NOIZ ETA NOLA ATERA KUBOAK

Kuboak Mankomunitatearekin adostutako puntuetara aterako dira. Bizilagun gehienek, zintzilikariorik gabe, lurrean utziko dituzte edukiontziak. Bizitza askoko etxeetan aldiz, paretako zintzilikarioak erabiliko dira. Kuboek etxebizitza bakoitzeko kodigo eta zenbaki partikular bat izango dute, eta hala, hainbat datu ezagutu ahalko dira: maiztasuna, bilketa ordua, altxaldi kopurua eta beste hainbat xehetasun.

Datu horiek zerbitzua hobetzen lagunduko dute, eta etorkizunean baita bakoitzak sortzen duen zaborraren araberako tarifikazioa jartzeko aukera eman ere.

ORDUTEGIA: Egun bakoitzari dagokion gaia 20:00tatik 23:00tara atera ahal izango da.

Astelehenetan ORGANIKOA
Asteartetan ONTZI ARINAK
Asteazkenetan PAPERA ETA KARTOIA
Ostegunetan ORGANIKOA
Ostiraletan ONTZI ARINAK
Larunbatetan ORGANIKOA
Igandetan ERREFUSA

LANDA EREMUKO BILKETA GUNEAK

Landa eremuko bizilagunentzat eta erabiltzaile puntualentzat bi bilketa gune jarriko dira:

Bilore inguruan
Tejeria inguruan

Erabiltzaileek identifikazio-txartel bat izango dute bilketa gune horietan sartzeko, gainontzeko erabiltzaileek berriz, larrialdi kasuetan erabili ahalko dute txartela Udaletxean eskatuta.

INFORMAZIO BULEGOA

Atez atekoaren inguruko informazio bulegoa Zaldibiako Kultur Etxean dago eta asteartetan nahiz ostegunetan dago irekita 10:00etatik 12:30etara eta 18:00etatik 20:30etara.

Ordutegi horren barruan Lide Aristegi hezitzailea bertan egongo da eta herritarrek edozein zalantza argitzeko aukera izango dute. Horrez gain, herritarren eskura jarri da zaldibia@sasieta.org  helbide elektronikoa eta 671 42 33 87 telefono zenbakia ere edozein kontsulta egiteko.