Martxan da "Egin nirekin ere euskaraz!" kanpaina

Sustraiak beste herrialdeetan izan arren gurean errotu diren hainbat euskaldunen eskariz abiatu da kanpaina, hasiera batean gainerako herritarrek euskara ukatzen dietela sumatuta. Euskarak kolore asko dituela eta azalaren kolorea askotarikoa izan arren herritar horiek guztiak euskaldunak direla gogorarazi nahi da UEMAK abiatutako kanpainan.

 

"Euskara ukatzen digutenean, bertakoa izatea eta sentitzea ere ukatzen digute, nahi gabe izan arren"

Euskaldunak dira Arlenys, Haider, Aimar, Aya, Nora, Sefora, Miruna, Randy, Ekhi, Manna, Anastasia, Andriy, Zunnurain, Lassana, Abdallah, Alaia, Rayan eta Leen, UEMAk ostiralean Ibarran aurkeztu zuen Egin nirekin ere euskaraz! kanpainari aurpegia jarri dioten lagunak (zaldibitarrak ere tartean).

Urdua, arabiera, mandinga, kitxua, ukrainera, gaztelera edota euskara jaso dute etxean. Euskara, zehazki, lehen hizkuntza da batzuentzat, bigarrena besteentzat, eta baita hirugarrena ere zenbaitentzat. Hala ere, euskaraz aritzen dira eskolan eta lagunartean. Askotan, ordea, azalaren koloreagatik, aurreiritziengatik edota auskalo zergatik erdaraz hitz egiten diete gainerako herritarrek. Eta ez zaie gustatzen, euskaldunak direlako. Horregatik, beraiekin ere euskaraz egiteko eskatu nahi izan diete gainerako herritarrei.

 

Zaldibiako kasua abiapuntu

Ostiralean aurkeztu zen kanpaina Ibarran, eta bertan ziren Eider Amundarain Zaldibiako Lardizabal herri eskolako zuzendaria eta Aimar Toma zaldibitarra ere. 

UEMAko lehendakari Martin Aramendik zehaztu du kanpaina honen abiapuntuan Kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan egitasmoan dagoela. Kulturartekotasuna lantzeko egitasmoa Zaldibian abiarazi zuen UEMAk lehenik, HUHEZIrekin eta Zaldibiako hainbat eragilerekin batera: "Bertako ikasleen herena kanpoko herrietatik etorritako gurasoen seme-alabak dira gaur egun, eta eskolak behar handia ikusi zuen horien gurasoengana heltzeko, haien kulturak errespetatuz, baina euskara erdigunean jartzeko beharra ere nabarmenduz. Zaldibiako egitasmoa beste hainbat herritara zabaldu dugu azken bi ikasturteotan, eta esan dezakegu egundoko eragina eta oihartzuna izaten ari dela batean eta bestean. Hala ere, oraindik, herri batzuetatik kezkaz esaten digute, egundoko lanketa egin arren, aurreiritziek indar handia dutela, eta etorri berrien seme-alabei, askotan, gazteleraz egiten dietela herritarrek, euskaraz jakin arren. 

Eider Amundarian Zaldibiako Lardizabal herri eskolako zuzendariak, berriz, UEMAri kanpaina hau egiteko beharra sumatu zutela adierazi du. Zaldibian egundoko lana egin dute hainbat eragilek, euskara eta kulturartekotasuna uztartzeko proiektuarekin. Ekimen horrek herria ere aldatu du hein handi batean, euskara ardatz izateko helburua ari baita bidea egiten. Hala ere, jatorriz atzerrikoak diren familia horiek ohartu ziren aurreiritziengatik seme-alabei erdaraz egiten zietela herritar askok, eta horri erantzuteko beharra ikusi genuen. Horregatik jo genuen UEMAra, zerbait egiteko beharra aipatuta, Zaldibian bezala beste hainbat herritan ere egoera bera bizi zutelako euskaldun askok".

 

Kanpainari buruzko informazio osoa eta euskarriak HEMEN