Auzolanerako deialdia

Larunbatean, hilak 20, ekingo diogu 10:00etan herriko plazaren eraldaketarako auzolanaren lehen saioari. Aurrez, gaur bertan, 19:00etan plazan bilera bat egingo da ideia ezberdinak bildu eta proposamenak jasotzeko. Hurrengo hilabeteetan izango diren lanen oinarria izango da larunbatekoa, baita Zaldibiako plaza berria bihurtuko denaren abiapuntua ere. Informazio gehiago, jarraian. 

 

Kaixo Zaldibitar!

Orain arte aurreratu bezala, aste honetako larunbatean, apirilaren 20an, ekingo diogu herriko plazaren eraldaketarako auzolanaren lehen saioari. Goizeko 10:00etan elkartuko gara.

“Bihotza” izeneko espazio publikoko lehen altzaria den hau, hurrengo hilabeteetan izango diren lanen oinarria izango da, baita Zaldibiako plaza berria bihurtuko den abiapuntua ere.
Ertzetik Erdira prozesuaren baitan eginiko diseinuari helduz, eta partehartzea auzolan bilakatuz, orain gure txanda da iruditan ikusten dugunari forma ematea. Honetarako gaur bertan prestaketetan hasiko gara, zapatu goizean martxan jarri ahal izateko. 

Larunbateko lanak zorua altxa eta enkofratu bat egitea izango dira, altzariaren zimenduak eta oinarria hormigoizkoa izango baita. Honetarako, enkofratu oholak, ferraia eta zurezko elementuak beharko ditugu forma eman eta behar bezala prestatu ahal izateko. Irudietan ikusi daitekeen moduan, behin hormigoia lehortuta, laritzezko zura izango da azken forma emango diona bi aldeetatik erabili daiteken eserleku honi.

Lan taldeak ere buruari eman diezaion, azpian dituzue pdf-an orain arteko plano, eskema eta irudiak laburbildurik. Bihartik aurrera eta neurriak hartu ondoren behar izango dugun materiala eta tresnak zehatzago jakingo ditugu. Dena den, proposamen moduan gaur 19:00etan plazan bertan bilera bat egingo dugu ideia ezberdinak bildu eta proposamenak jasotzeko. 

Auzolana ez da hasten tresna eskuan izan orduko, lanari buruarekin ekin orduko baizik! 
Iluntzean elkar ikusiko dugulakoan…
 
Egun ona izan!