Azaroak 25, Emakumeen kontrako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna dela eta adierazpen instituzionala
2020ko azaroaren 24an Zaldibiako Udalak burututako osoko bilkuran EH Bilduk proposatuta, ondorengo adierazpen instituzionala onartu zen aho batez. Azaroaren 25ean, arratsaldeko 17:30etan Zaldibiako plazan biltzera deitu ditu herritarrak, baita egun honen harira antolatu diren tailerretan parte hartzera ere.
AZAROAK 25, EMAKUMEEN* KONTRAKO INDARKERIA EZABATZEKO NAZIOARTEKO EGUNA
ZALDIBIAKO UDALAREN ADIERAZPEN INSTITUZIONALA
Azaroaren 25a, “Emakumeen* kontrako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna” da. Emakumeen* aurka burutzen den indarkeria mota oro onartezina dela aldarrikatzeko eguna; baita, indarkeria guzti hori sortzen eta mantentzen laguntzen duten eragile eta egitura guztiak errefusatzen ditugula esateko eguna ere; eta herritarrengandik gertuen gauden erakunde publikook horren kontra borroka egiteko konpromezuak hartzekoa ere bada.
Tamalez, indarkeria matxista ez da urtean egun bakarrean gertatzen den zerbait, une oro emakume* guztiek, salbuespenik gabe, jasten duten egiturazko kaltea baizik. Egun seinalatu honetan ahotsak altxatzen baldin baditugu ere, egunerokotasunean jardun behar dugu indarkeria matxistari aurre egiteko prebentzioan, kontzientziazioan, sentsibilizazioan, ezagutzan, identifikazioan, arretan, laguntzan eta justizian lanean.
Bizitzen ari garen egoera lazgarri honek ez du batere lagundu indarkeria matxista eteten, izatekotan ere egokitu egin da garaira. COVID19aren pandemiak eragin duen osasun krisiak berarekin krisi ekonomikoa, zerbitzu krisia eta zaintza krisia areagotzea ekarri du.
Egoera honen aurrean, emakumeak* dira aurrera egiteko presio eta zailtasun handienak dituztenak, aurretik ere beraiek zirelako lan baldintza ziur gabeenetan zeudenak, zaintzaz arduratzen zirenak eta beraien ingurukoen ongizatearen karga hartzen zutenak.
Guzti honek, emakumeen* osasun fisiko eta psikikoan zein eragin izango duen jakiterik ez badago ere, noizbait amaitu arte, momentuz, badakigu itxialdian emakume asko beraien zapaltzaileekin gatibu egon direla, kontrola areagotu dela, baita menpekotasun ekonomikoa ere, sexu jazarpenak ez direla gutxitu, zerbitzuetarako irisgarritasuna, aldiz, gutxitu egin dela, eta ingurukoen zaintza areagotu dela, ardurekin batera.
Horregatik, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egun honetan, sendo adierazi nahi dugu Euskal Herria feminista, justu eta ekitatezko baten aldeko aldarrikapena, bide horren eraikuntzan honako konpromiso hauek gure gain hartuz:
- COVID19aren krisiak indarkeria matxistetan izan ditzakeen eraginak aztertzea Foru Aldundiarekin, Emakunderekin eta mugimendu feminista eta emakume-elkarteekin koordinatuta, eta horiei aurre egiteko beharrezkoak diren ekintzak identifikatzea.
- Aurreko puntuan identifikatutako beharrei behar bezala erantzuteko beharrezkoak diren programak/neurriak/zerbitzuak martxan jartzea edo indartzea.
- Horretarako, ez du murrizketarik egingo 2021eko aurrekontuetan eta beharrezkoak diren partidak handituko ditu.
- Foru Aldundiari eta Emakunderi eskatzen die emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alorreko aurrekontu-partidak handitzeko, berdintasun-zuzendaritzak eta epaitegi espezializatuak modu iraunkorrean sendotzeko eta indarreko legeria berraztertzeko konpromisoa hartzeko, nagusiki COVID19ko krisiak eragina berezia izan duen esparruetan.
- Herritarrentzako, eta bereziki emakumeentzako, dauden baliabideen gaineko informazioa eskuratzeko bideak erraztuko ditu eta dagokion lurralde mailan, indarkeria matxistaren kontrako zerbitzu-sarearen funtzionamendu egokia, elkarlana eta koordinazioa indartuko ditu (osasun krisiari egokituta), beti ere, kontuan hartuz adin txikikoak eta biktimen seme-alabak.
- Pandemiaren garaian sortu ziren tokiko zaintza-sareak babestuko ditu, bai eta, oro har, herri-kolektiboen lana ere, indarkeria matxisten inguruko prebentzio eta sentsibilizazioko ekintza komunitarioak indartzeko eta bultzatzeko, egungo egoerara egokituta.
- Neskei, gazteei eta emakume helduei zuzendutako (eta egungo egoerari egokitutako) jabekuntza jarduerak abiatuko ditu, besteak beste ondorengo gaiak jorratu ahal izateko: autodefentsa feminista, bikote harremanak eta harreman sexu-afektiboak, amodio erromantikoak, sexualitate libreak, etab.
- Nerabeei eta gazteei zuzendutako eta egungo egoerari egokitutako sentsibilizazio eta formazio jarduerak abiatuko ditu emakume eta gizonen arteko harreman parekideak sustatzeko xedez, zehazki: hezkuntza sexu-afektiboa lantzeko, indarkeria matxisten askotariko adierazpenak desnaturalizatzeko, baiezko onespena lantzeko, maskulinitate ereduak lantzeko, etab.
- Indarkeria matxista jasan duten emakumeen erreparazio eskubidea lantzeko egungo egoerari egokitutako jarduerak martxan jarriko ditu.
- Erakunde honetatik, borroka feministaren alde hartu dugun konpromisoa berretsi nahi dugu, indarkeriarik gabeko gizarte demokratiko bat eraikitzeko bide eta tresna nagusia den heinean. Eta, bat egiten dugu mugimendu feministak azaroaren 25erako deitutako mobilizazioekin, eta jendarte osoari ere dei egiten diogu mobilizazio horretan parte har dezan.
Zaldibian, 2020ko azaroaren 24an
ZALDIBIAKO UDALA
2020ko azaroaren 24an burututako osoko bilkuran ondorengo adierazpen instituzionala onartu zen aho batez.
EH Bilduko 6 aldeko botoekin eta EAJ-PNVko aldeko 2 botoekin.