Azken orduko luizi batek Gaintzerako bidea itxi du Lizarragan

Gaur goizeko lehen orduan izan da ezbeharra. Izugarrizko luizia etorri da Muñota ingurutik, Eguzkialden barrena, Lizarraga baserrinaino. Gaintzako bidea itxita dago.

Goizeko lehen orduan, Eguzkialdeko bizilagunen deia jasotzearekin bertaratu den udal langileak, lehen eskutik ikusi du luiziaren indarra.

Muñota ingurutik etor litekeen ur emariak izugarrizko lur mugimendua eragin du. Lur mugimendua eten bada ere, ur emaria ez da gelditu eta ondorioz Gaintzako bidea itxita dago.

Zaldibiako Udaleko arduradunak bertan izan dira, kalteak lehen eskutik ezagutzeko eta momentu honetan Gipuzkoako Aldundiko teknikariak esku hartu dute. Badirudi herrialde guztian gertatzen ari direla lur mugimenduak eta  galtzak bete lan dutela Aldundiko langileek.

Bestalde, gaur arratsaldean bilduko da Udala Arruegi auzoko bizilagunekin azken luiziaren ondorioen inguruan hitz egiteko.

LOTURAK erlazionaturiko albisteak:

Azken egunetako euriteak beste luizi bat eragin du Arruegi auzoan

Euriteak eraginda, Ernaitza doan herri bidea oso kaltetua geratu da

Argazki galeria

 

HITZA: Luizi batek Zaldibiatik Gaintzarako errepidea itxi du

Luizi erraldoia izan da gaur goizean Zaldibian. Lizarraga baserriaren goialdetik behera, “kilometro bateko” lur mihia lerratu da, Muñoeta errekaren ibilguaren gainean. Muñoeta baserriaren barren aldean mugitu da luizia, 08:15 inguruan. Ondoren, errekastoaren  urak bideratzeko hodiak itxiarazi ditu, eta maldan behera joan da lohitza. Zaldibiatik Gaintzarako errepidea (Gi-3371) zeharkatu du lokatzak, 10:00ak aldera, eta Amundarain errekaraino jarraitu du.

Zirkulazioa etenarazteaz gain, kalte nabarmenak eragin ditu lohiak. Batetik, Eguzkialde etxea sarbiderik gabe geratu da. Sagastian barrena, malkarrean gora joanda bakarrik irits liteke orain. Bidearen gainetik lerratu da lur jausia. Bestetik, Lizarraga baserriaren atariraino iritsi da lokatza, tartean oilategi txabola bat inguratuta.

Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariak 11:30a inguruan izan dira, eta “ordu erdi barru” hondeamakina iritsi eta errepidea zabaltzen hasiko dira. Lan hori “berehala” egingo dutela aurreratu dute udaletik. Gero, Eguzkialde etxerako bidea pala-makina batekin garbitzekotan dira.