Udako oporren bueltan martxan jarriko dira udal-batzordeak eta hauetan izen-emateko epea zabalik dago irailaren 15era arte. Hainbat bide daude horretarako: udaletxeko harreran, 943 88 03 57 telefonoan edota bulegoa@zaldibia.eus helbide elektronikoan.Deia luzatzen dizuegu herritar guztioi batzordeetan parte har dezazuen.
Hemen duzue herrian zehar zabaldu dugun bandoa:
Herritar agurgarria,
Idatzi honen bidez jakinarazi nahi dizugu, joan den ekainaren 13an Udal Berriaren osaketarako Osoko Bilkura ospatu zela, eta ordudanik Udal Ordezkaritza berria dugula Zaldibiako Udalean.
Legegintzaldi hasierako pausoak ematen hasi gara eta besteren artean, BATZORDE edo LAN-TALDEAK osatzea izan da zereginetako bat. Batzorde hauek arloka banatzen dira eta erabakiorrak ez diren arren, iritziak eta proposamenak bildu, gaiak landu, eta orokorrean aurrera eramaten dira.
Hauek dira, uztailaren 2ko Ez-Ohiko Osoko Bilkuran hala onartuta, legegintzaldi honetan sortuko diren lan-taldeak:
1. KULTURA, EUSKARA, KIROLA ETA GAZTERIA BATZORDEA
2. ONGIZATE, BERDINTASUN ETA ANIZTASUN BATZORDEA
3. ZERBITZUEN BATZORDEA
4. INGURUMEN, BASO ETA LEHEN SEKTORE BATZORDEA
5. HIRIGINTZA BATZORDEA
6. PARTE HARTZE BATZORDEA
Lan-talde hauek herritar guztientzat irekiak dira eta bileren maiztasuna aldakorra bada ere, orokorrean hilabete/hilabete eta erdian behin egiten dira. Parte hartzeko IZEN EMATE EPEA IREKITA dago IRAILAREN 15era arte.
Bide hauetatik egin daiteke izen-ematea:
TELEFONOZ: 943 88 03 57 zenbakian
E-MAILEZ: bulegoa@zaldibia.eus helbide elektronikoan
UDALETXEAN: harrera gunean
Esan beharrik ez dago zeinen garrantzitsua den herritarren parte-hartzea batzorde hauetan. Udala-Herria, Herria-Udala uztarri beretik aritzeko sortzen dira, herritarren tresna izateko. Horregatik, deia luzatzen dizuegu gustukoa edo interesekoa duzuen lan-taldean izen emateko.
Besterik gabe, agurtzen gara.
Zaldibiako Udala