Zaldibiako bi udal-taldeek, EHBildu eta Zaldibia Herrigintzanek, adierazpen bateratua kaleratu dute zaldibitarrak Gure Esku Dagok ekainaren 10erako antolatu duen Giza-Katean parte hartzera deituz.
Adierazpena:
Espainiar Estatuko alderdi politikoek ez dute erabakitze eskubidearen inguruko adostasunik eta hori dela eta, bai Kataluinian, baita Euskal Herrian ere eskubide hori aldarrikatzeko mobilizazioak eta ekimenak egin dira herritarrek bultzatuta.
Aldarrikapen horren bultzatzaile nagusia dugu Gure Esku Dago ekimena Euskal Herrian. Azken urteetan aldarrikapen mobilizazio ugari egin ondoren, erabakitze eskubidea aldarrikatzetik eskubide hori gauzatzeko urratsa eman dute herri-galdeketak antolatuz. Orain dela bi urte, esaterako, Zaldibian bertan antolatu zen herri-galdeketa.
Aurten, erronka berriak ezarri ditu Gure Esku Dagok eta horien artean da ekainaren 10ean Bilbo, Gasteiz eta Donostia batuz egingo den Giza-katea.
Adierazpen honen bidez, Zaldibiako EHBilduk eta Zaldibia Herrigintzanek, Giza-Katean parte hartzeko deia egiten dizuegu herritar guztioi.
Zaldibiako EHBildu eta Zaldibia Herrigintzan
Zaldibian, 2018ko maiatzaren 22an