Ekainaren 28 LGBT+ harrotasunaren nazioarteko eguna

Bakoitza den bezala, eta nahi duen bezala desiratzearen aldarrikapenean, LGBT+ kolektiboko pertsonak eta gainerako guztiak ere, gaurko eguna aprobetxatu dezagun LGBT+ eskubideak giza eskubideak direla gogoratu eta balio hauetan murgiltzeko. Hemen duzue gure hausnarketa.

EKAINAREN 28: LGBT+ HARROTASUNAREN NAZIOARTEKO EGUNA

52 urte igaro dira Stonewallen lesbiana, gay, transexual eta, batez ere trabestiak, poliziaren aldetik jasaten zituzten jazarpena eta xantaiaren aurrean erreboltatu zirenetik: data hori mugarri bihurtu zen LGBT+ pertsonen borrokan. 10 urte beranduago, 1979ko ekainaren 10ean, polizia batek Antonio Vicente Santa María (Francis) hil zuen Errenteriako diskoteka batean, trabesti izateagatik. Ekainaren 28 horretan LGBT+ pertsonek eta kolektiboek Euskal Herriko kaleak hartzen dituzte estreinako aldiz, euren sexualitatea eta generoa modu askean bizitzea aldarrikatuz.

Gure kulturan arau heterosexualetik kanpo dauden orientazio afektibo, sexual eta genero identitate  desberdinak dituzten pertsonak ez dira aintzakotzat hartu, eta estatuko botere indarrek eta gizartearen gehiengoak diskriminatu dituzte.

Hala, Ameriketan hori gertatzen ari zen bitartean, estatu espainiarrak 1970eko abuztuaren 4ko 16/1970 Arriskugarritasunaren eta Gizarte-errehabilitazioaren Legea onartu zuen, lege honek homosexual eta  transexualak kartzela edo zentro psikiatrikoetan sartzea aurreikusten zuen.

Lege hau 1979an indargabetu bazen ere, eskubide zibilak eskuratzeko borroka hasi besterik ez zen egin. LGBT+ elkarteek urteak pasa dituzte pixkanaka-pixkanaka gizaki guztientzako berdinak izan beharko luketen eskubideak aldarrikatzen, aintzakotzat hartu gabe sexu desira eta identitate ezberdinak.

Lege jardunbidean lanketa handia dago egiteko oraindik ere, transexualitatea behin betiko despatologizatuko duen lege bat onartzeko edo erregistro zibilean genero autodeterminaziorako eskubidea barne biltzeko esate baterako.

Baina baita gizartean ere,  oraindik LGBT+fobia elikatzen duten balioei aurre egin beharrean gaude, ezinbestekoa da gizarteko esparru guztietan sexu orientazioen eta genero identitate eta adierazpenen aniztasuna errespetatzeko printzipioen alde lanean jarraitzea.

Bakoitza den bezala, eta nahi duen bezala desiratzearen aldarrikapenean, LGBT+ kolektiboko pertsonak eta gainerako guztiak ere, gaurko eguna aprobetxatu dezagun LGBT+ eskubideak giza eskubideak direla gogoratu eta balio hauetan murgiltzeko.