Elkarretaratzea eta omenaldia egin dira plazan

Martxoaren 8a dugu gaur, Emakumeen* Eguna eta eguerdiko 12:00etan elkarretaratzea egin da Udalak deituta. Bertan, 1646ko dokumentazio historikoan jasotako herriko hamar emakumeren epaiketa testigantzak irakurri dira eta omenaldi txiki bat egin zaie. Elkarretaratzean herritar ugari bildu da, baita Lardizabal Eskolako ikasle-irakasleak eta udal-langileak ere, besteak beste. 

Denboran mende batzuk atzera eginda, Mikel Urteagak Ordiziko udal artxiboan aurkitutako 1646ko dokumentu bat izan du ardatz gaurko elkarretaratzeak. Dokumentu honetan azaltzen da nola gauetik goizera Zaldibiako hamar emakume atxilotu zituzten. Zergatik, eta ezkongabeak izanda harreman sexualak izateagatik. Orain dela 375 urteko gertaera horren berri eman da, herriko hamar emakumek, orduko hamar emakume haien testigantzak irakurri dituztelarik banan-bana.

 

Barbara Agirre, Maria Bauptista Agirre, Maria Albisu, Maria Bartzelona, Margarita Eleizegi, Maria Juaniz Iraola, Katalina Iztueta, Maria Gartzia Jauregi, Maria Arroiz Mendiola eta Mariana Mendiola.

TESTUA OSORIK IRAKURTZEKO SAKATU HEMEN

 

"Balio dezala keinu honek emakume haiei gure omena egiteko eta baita gure herriko ezkutuko historia askotako bat azaleratzeko ere". Mezu honekin eman zaio amaiera eguerdiko hitzorduari eta arratsaldean mobilizazio gehiago daudela gogorarazi da, hauetan parte hartzeko deia eginez. 

  • 18:30ean, plazatik abiatuta, KOTXE KARABANA Ordiziara.
  • 19:00etan Ordiziako plazan elkartu eta MANIFESTAZIOA herrian zehar. Ondoren, EKITALDIA Barrena parkean. 
  • 21:00etan AFARI FEMINISTA Joxepanen.

Ostegunean, martxoak 10, Espazioa feminismotik hitzaldia izango da 19:00etan Udaletxeko Herri Areton. Dunak taldeko Amaia Albeniz eta Koldo Telleria izango ditugu hizlari eta haiek gidatuko dute baita ere gaiari buruzko tailerra martxoaren 19an, larunbata goizeko 10:00etatik aurrera.