Elur arriskua datozen egunetan

Jarraian duzue 2018/02/05ean 18:30ean Eusko Jaurlaritza eta Euskalmetek egindako iragarpena. Horren aurrean, Zaldibiako Udalak martxan jarriko dituen neurriak ere hemen dituzue.

Elurrak ateak ixten dituela jakina da eta guk, gure zerbitzuen arabera,  saiakera egingo dugu kale eta baserri  bidetako elurrak kentzen. 

Kale-eremuan Udal langileak saiatuko dira ahal den neurrian, bide eta espaloiak garbi edukitzeaz, betiere eguraldi baldintzen arabera eta gune batzuei (eskola, mediku-etxea…) lehentasuna emanaz.

Baserri bideei dagokienez, bideak garbitzeko agindua emango zaio Udalak horretarako hitzartuta duen langileari. Honakoa izango da bideak garbitzeko ordena, orokorrean:

1. Egileor auzoa, Olakosaitik behera
2. Urtsu-Erreka auzoa, Aizporragatik hasita eta Urreta auzoa, Urtsularretik behera
3. Olaeta auzoa: Igartzaeta, Goizane…
4. Aiestaran-Erreka auzoa, Lazkao-Etxetik hasita
5. Miranda eta Okobio
6. Arruegi auzoa, Arrutik behera
7. Urtesabel auzoa, Aldautik hasita
8. Elbarrena auzoa

Bestalde, gatza utziko da behar duenak hartzeko Udaletxe azpiko estalpean eta Bilore ondoko lokalean. Kontuan izan gatzak kalte handia sortzen duela zoruan eta beraz, tentuz, neurriz eta arduraz erabili behar dela.

Neurriak hauek izango dira orokorrean, baina eguraldi baldintzen arabera beharrezko moldaketak egingo dira kasuan kasu. Udalak pazientzia eskatzen dizue herritarroi eta, batez ere, tentuz ibiltzea autoa hartu aurretik.

Eguraldi iragarpenak aintzat hartu eta bezperatik kontutan izan zein puntutatik abiatu behar duzuen hurrengo egunean, kotxea hartzea ezinbestekoa baduzue hauek bide nagusietatik gertu utziaz.

Neguan elurra egitea normala eta ongarri dugu, iragarrita egon edo ez. Gizakiak ez du oraindik natura menpean hartzeko modurik aurkitu, eta eskerrak. Eguneroko erritmoa jaistera behartzen gaitu elurrak. Aukera ederra beraz, ezinegon eta frustrazio gisa hartu beharrean, alde onetik eta patxadatik hartzeko.