Azaroko deialdi irekia hutsik geratu ondoren, bi proposamen iritsi ziren Udalera eta Kontratu Berezien prozesua ireki zen. Atzo bildu zen Kontratazio Mahaia eta proposamenen balorazioa egin ondoren, Mari Karmen Sainz-Ajari esleitu zaio.
Epe motzean ateak irekiko ditu beraz Beti Gazte tabernak, Mari Karmen Sainz-Ajaren eskutik. Kontratua sinatu eta giltzak entregatzen direnean emango zaio hasiera urtebeteko kontratuari, gehienez 10 urtera arte luzatu ahal izango dena urtez urte.
Hasieran, gainera, lehen 6 hilabeteak probaldia izango dira eta hurrengo hilabetean, Udalak balorazioa egingo du, gainditutzat edo ez gainditutzat jota. Gainditzen ez bada, Udalak kontratua deuseztatzea eta lizitazio-prozedura honetan geratu den hurrengoari eskaintzea erabakiko du.
Bestalde, orain artean bezala, eguneroko gaiak kudeatzeko eta tabernaren martxa ona bultzatu eta bermatzeko Jarraipen Batzordea osatuko da taberna hartuko duenak, Udaleko ordezkariak eta Beti Gazte Elkarteko ordezkariek osatua.
Orain beraz, Mari Karmenek prestaketa lanei ekingo die eta ea ahalik eta azkarren ateak zabaltzeko moduan den. Emango dugu honen berri aurrerago.
Udaletik asko eskertzen dugu ostalaritzak bizi duen garai honetan bi proposamen aurkeztu izana eta guztiei opa diegu ibilbide oparoa izan dezatela.