Euskarari ere errenta atereaz, aurten bost mila baietz!

Urteak dira Goierriko hainbat udalerrik errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egiten dietenetik haien herritarrei. Aurten, Goierriko beheko 18 herriek bat egin dute, eta Aurten, bost mila baietz! izeneko kanpaina jarri dute martxan.

Datuak ikusita, joera baikorra da, eta horrek erakusten du halako kanpainek eragina badutela errenta aitorpenak euskaraz egiteko garaian. Goierri behean 37.804 aitorpen egin ziren guztira, eta horietatik %17,80a egin ziren euskaraz, aurreko ekitaldiko datuak %2,5 puntutan hobetuz. Goierri garaian, berriz, 14.284 errenta aitorpen egin ziren iaz, eta horietatik %10,43 izan ziren euskaraz –aurreko ekitaldian %8,66 izan ziren euskaraz–. Datu guztiak batuta, 37.804 aitorpen egin ziren Goierriko 22 herrietan, eta euskaraz egindakoak %15 izan ziren, aurreko ekitaldian baino %2, 20 gehiago.

Iazko ekitaldian 4.186 lagunek egin zuten errenta aitorpena euskaraz Goierri behean, eta hortik dator aurtengo kanpainaren leloa, bost milara iristeko helburuarekin. Iaz izandako goranzko joera hori orokorra izan zela nabarmendu zuten kanpainaren sustatzaileek. Goierri beheko 18 herritatik 16tan handitu egin zen kopurua, eta herri jakin batzuetan %10ekoa izan zen igoera. Ataun da euskarazko errenta aitorpen gehien dituena: %40,78.

Goierriko garaiko lau herrietan, berriz, 1.491 herritarrek egin zuten euskararen aldeko hautua errenta aitorpena egiteko garaian, orain bi urte baino 250 herritar gehiagok. Lau herrietatik, Ezkio-Itsaso da batez bestekoa handitzen duena: %22,43k egin zuten iaz euskaraz. Legazpin aitortzaileen %12,67k egin zuten euskaraz, Urretxun %10,97k eta Zumarragan %7,33k.

Aitorpena egiteko bideak

Hiru dira errenta aitorpena egiteko bideak. Mekanizatua da bat, eta Ogasuneko bulegoetan egiten da; Goierriko kasuan, Beasainen. Bai hitzordua eskatzerakoan, bai aurrez aurreko harremanetan, eta baita sinatzerakoan ere, euskaraz egin daiteke dena. Autolikidazio proposamena da bigarren bidea. Etxean jasotzen da proposamena, eta proposamena onartzerakoan euskaraz egin nahi dela zehaztu behar da. Hartara, aurrerantzean agiriak euskaraz bidaliko ditu Ogasunak. Hirugarren eta azken aukera, Internet bidezkoa da. Bide hori aholkularitza zerbitzuek erabiltzen dute batez ere, baina norbanakoek ere erabil dezakete, aitorpena onartzeko pasahitza sartuz.

Goierrikohitza