Euskaraz bizi nahi dut! aldarrikatu dute Udal ordezkari gehienek

Kontseiluak larunbaterako antolaturiko manifestazioarekin eta Euskaraz bizi nahi dut aldarrikapenarekin bat egin dute Zaldibiako Udaleko zazpi ordezkarik.

Herritar agurgarri hori:

Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, abenduaren 1ean hain zuzen, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Euskaraz bizi nahi dugu manifestazioa antolatu du Donostian.

Udal honetako ordezkari guztiok, euskaldunen euskaraz bizitzeko nahia eta eskubidea errespetatzearen alde egonik, deialdi horrekin bat egiten dugu. Herritarroi ere deialdiarekin bat egiteko gonbidapena luzatzen dizuegu.

Batetik, www.euskarazbizinahidut.org webgunean atxikimendua eman dezakezue. Bestetik, Kontseiluak eginiko proposamenarekin bat eginez, udaletxeko balkoian Euskaraz bizi nahi dut bandera jartzea erabaki dugula jakinarazi nahi dizuegu.

Horrela, zuoi ere, deialdi horrekin bat egin eta zuen etxeko balkoian azaroaren 26tik abenduaren 3ra bitartean ikur hori jartzera animatu nahi zaituztegu. Ikurra eskatzeko, lehendik aipatutako webgunera jo dezakezue edota Kontseilura hots egin dezakezue 943591200 telefono zenbakira.

Urte osoan bezala, egun hauetan are gehiago, euskaraz bizitzera, euskaraz gozatzera, animatu nahi zaituztegu.

Guztiok batera lortuko dugu, pertsona bakoitzetik, taldera, taldetik udalerrira eta udalerri bakoitzetik Euskal Herri osora zabalduko den ilusioz eta bizi nahiaz aurrera egitea.

Zaldibian, 2012ko azaroaren 22an


Joxan ETXABE
Zaldibiako Alkatea


Eñaut HERNANDEZ, Mari Karmen IRASTORTZA, Ibai AZURMENDI, Iñaki GOLMAIO, Jon Mikel RUANO eta Xabier IRASTORTZA Zaldibiako Udaleko Bilduko zinegotziak.