Ekainaren 3an, ostegunarekin, egin da udalbatza bilkura Udaletxeko batzar aretoan. Hiru arrazoi direla medio egin da bilkura presentzialki udaletxeko areto honetan, egungo neurriekin espazio murritza badu ere: Mikel Luloagak jarduneko alkate gisa zuzendu duen lehen udalbatza izatea, ziurrenik udaletxe zaharrean egingo den azken bilkura izatea eta batez ere, Laida Elizegi Armendarizen 2 urteko zinegotzi ibilbideari merezitako agurra ematea.
Iluntzeko 19:00etan hasi da Osoko bilkura saioa. Azken bilkurako akta onartu ondoren, gai zerrendako puntuei heldu diete herri ordezkariek:
Goierriko Ekimena SA (Goieki):
Jarduneko alkateak azaldu duenez, azken urtebetean Goieki Garapen Agentziaren baitan egiten ari den hausnarketakik eta gobernantza eredu berrien eta eskualdeko erronken lanketatik dator udalez udal onartzen ari den Estatutuen aldaketa. Batetik, udal bakoitzaren tituluak egungo biztanle kopuruetara egokitzea onartzen da eta bestetik, Goieki osatzen duten 18 udalek ekarpen berezi bat egitea ere adosten da. Ekarpen hau, Zaldibiaren kasuan 5851 titulu, alegia, 35.164,51 euro bi urtetan ordainduko da eta Goieki SAk duen zorra estaltzeko erabiliko da Mankomunitate bihurtzeko helburuz, hain justu, zorra estaliko delarik Goieki SA Mankomunitate bihurtu ahal izateko legeak eskatzen duen adina. Ekarpen hau datozen 16 urteetako ohiko urteko ekarpenari murriztuko zaio, urte bakoitzeko zati proportzionalean.
Estatutuen aldaketa aho batez onartu da, EHBilduko 6 ordezkariren eta EAJ-PNVko 2 ordezkariren aldeko bozkekin.
Laida Elizegi Armendariz zinegotziaren agurra
Bi urteko ibilbidearen ondoren, zinegotzi kargua utzi du Laida Elizegik udalbatzako kideen esker ona jasoaz. Kideek aitortu dioten bezala, Jone Garmendia Alkaiaga zinegotziarekin batera Aniztasuna, Berdintasuna, Gazteria eta Hezkuntza lan-arloaren bidea irekitzeaz gainera, urrats sendoak eman eta ekarpen handia egiteko gaitasuna erakutsi du hain ibilbide laburrean. Aurrerantzean ere inguruan izango delakoan eta eskerrak emanez agurtu dute udalbatzako kide guztiek.
Laidak ere esker hitzak izan ditu denentzat eta herriaren aldeko lanean era batera edo bestera hor jarraituko duela adierazi du. Eskua luzatu dio Maialen Mendizabal Luluagari, EHBilduren zerrendan hurrena den eta Laidaren lekua hartuko duenari. Maialenen kargu hartzea uztaileko osoko bilkuran gauzatzea aurreikusten da.
Erregistro Orokorra eta arreta eskaintzeko ordutegia finkatzea:
Azken puntuan, Udaleko jendaurreko arreta ordutegia ezarri duen alkatetza dekretuaren berri eman zaio osoko bilkurari. Hala, 2021eko egun baliodunetarako honakoa izango da ordutegia:
Astelehenetik ostegunera 8:30etik 16:00etara
Ostiraletan 8:30etik 15:30era
2021eko ekainaren 15etik irailaren 15era (biak barne), udako ordutegia egingo da, hau da: astelehenetik ostiralera 8:30etik 15:30era.
Era berean, Alkatetzak honako konpromisoa hartzen du: Udaleko Zerbitzuen ordutegien azterketa eta araudi orokorra zehazteko prozesua hasiko da udal zerbitzuetako arduradunekin herritarrei ahalik eta zerbitzu onena emateko helburuz, eta horren baitan egokituko da dekretu hau. Azterketa hau egiteko, herritarren ordutegi erabilerak jasotzen dituen erregistroa hartuko da udalean eta aldi berean, herritarrekin landuko da udal zerbitzuen inguruko hainbat gai Zaldibiako Udalaren partaidetza ereduaren eta udal eraikin berriaren baitan, tartean zerbitzuen ordutegiak.
Eta honen berri eman ondoren, 19:40 aldera amaitu da Osoko Bilkura.