Aurten ere gazteok badugu zita. Apirilaren 6 eta 7an Mendi martxa Saratik Lesakara eta igandean denok Aberri Egunera, Iruñeara! Bonoak Joxepanen salgai.
Topatu.infotik hartua. Lesakan bildu gira Jalgi Hadi Garaipenera dinamikako hainbat gazte eta bertan apirilaren 6, 7 eta 8an izango den Gazte Martxako egitaraua aurkeztu dugu. Egitarau interesgarri bezain jostagarria, ikusi nahi?
Gazteok bidea egiten dihardugu, pausoz pausoz, Euskal Herriaren askatasunaren alde, etorkizuneko jendarte eredu berri baten alde. Aurrera, oztopoak gaindituz eta gure herria zatitzen duten mugak hautsiz, Saratik Lesakarako bidea egitera goaz. Pausoz pauso askatasuna irudikatuko dugularik. Gazteok sorkuntza hamaika modutara adierazteko gaitasuna lantzen dugu egunero, gazteok espresio berriak sortuz egiten diogu ekarpena Euskal Herriari. Ezkutua eskuratzeko herriz herri antolatu gara, iraganekoa ikasiz, trukatuz eta hedatuz. Jakintza historiko kulturala gaur egunerarte ekarri eta gure errealitatea birsortzeko tresnak landuz. Auzolanean antolatuz, herri ezberdinetako gazteok bat egingo dugu inposatutako kateak gainditu eta bizirik dirauen herri bat garela adierazteko martxa honetan. Euskal Herriaren historian lerro berriak idatziz.
3 egunetako martxa, Euskal Herriaren luze zabalean gazteok sortzen dugunaren elkargunea izango da, gure buruak elikatzeko eta ikasteko bakoitzak gustokoen duen modura adieraziz. Guk geuk, gazteok, sortzeko dugun ahalmenaz osatu dugu Saratik Lesaka arteko egitaraua. Aniztasunetik bide berriak jorratzeko gogoz, elkartruke aberatsa egiteko asmoarekin.
Gure arteko ezagutza eta harremanetarako joku eta ekintzak, gazte musika taldeen doinuak, kultura eta jendarte eraldaketarako oinarriei buruzko solasaldiak, sorkuntza artistikoa adierazteko bide berriak, antzerki bidez bertsolari gazteen arteko ikuskizuna… menditik zehar, herritik herrira, eta herriarentzat guk geuk sortutakoa lau haizetara zabaltzeko.
Aste honetatik aurrera eskuragarri izango dira martxako bonoak herri guztietan martxoaren 31 arte. Larunbat gaueko kontzertuetarako sarrerak ordea egunean bertan izango dira salgai Lesakan.
INFORMAZIO GUZTIA: jalgihadigaraipenera.com