Pasa den ostegunean burutu zen lehen aldiz "Harrera egun" deituriko ekimena, Zaldibiako Udaleko Berdintasun, Aniztasun, Hezkuntza eta Gazteria lan-arloaren eta Etxekonekok Elkartearen bultzadaz. Lehen edizioa testuinguruak baldintzatuta egin behar izan bada ere, lehen balorazio positiboa egin dute antolatzaileek eta parte hartzaileek.
Zaldibiako Udalak, Berdintasuna, hezkuntza, gazteria eta aniztasunaren lan-arloaren eta Etxekonekok elkartearen sustapenarekin, irailaren 17an “Harrera eguna” ekitaldia egin zuen lehenengo aldiz. Hurrengo urteetan tradizio bilakatzea espero den ekitaldi honetan parte hartzeko 2019ko irailetik 2020ko irailera bitartean Zaldibian erroldatu diren herritarrak gonbidatu ziren, ongi etorria eskaini eta bide batez, elkar ezagutu eta batera herria osatzeko gonbitea egiteko helburuarekin.
Ekitaldi honetako parte hartzaile guztiak, udal ordezkariak, hainbat elkartetako ordezkariak, ekimenerako gonbiteari erantzun zieten herritarrak eta uneko itzulpenak egiteko prest agertu ziren beste herritar batzuk udaletxe azpiko arkupean elkartu ziren eta herri gunetik ibilalditxo bat egin genuen, geldialdiak eginez udal zerbitzuen berri eman, herriko eremu batzuk ezagutu eta gure erronka eta balioak zeintzuk diren azalduz.
Balio horietako bat euskara izaki, udal ordezkariek geldialdi bakoitzean emandako azalpen guztiak euskara hutsean izan ziren, herritar berri hauek ere garbi izan zezaten herriko hizkuntza euskara dela. Hala ere, esan bezala, denek ongi uler zezaten beste herritar batzuen laguntza jaso zuten, udal ordezkariek esandakoa ingelerara, arabierara edo gaztelerara itzultzeko tarteak eginez leku bakoitzean.
Ibilbidea, esan bezala, udaletxe azpitik hasi zen, herriko plaza, udal eraikina eta Karreane zer ziren, zein funtzio betetzen zituzten eta bakoitzean zein zerbitzu aurkitu zitezkeen jakinaraziz. Horrez gain, puntu honetan azaldu zitzaien euskarak herrian duen garrantzia ere eta ikastaroetara apuntatzeko gonbitea egin zitzaien.
Hurrengo parada zubi-zaharrean izan zen, eta bertan familia argazkia ateratzeko beta hartu genuen. Kokagune honetan, zubi-zaharra, erreka eta Zubiaurre bertan izanik, herriaren izenaren nondik norakoez, uraz zein baserriaz, herriko altxor eta oinarriez, aipamen batzuk egin genituen.
Bertatik, hilerri ondora jarraitu zuen taldeak, auzolanaren berri eman, kultu, sinesmen eta heriotzak herrian zein trataera duen adierazi, eta Biloreren eraikin zaharraren historian eta etorkizunean murgiltzeko. Handik, antzoki aldera bidean herri baratzeak zer ziren eta nola parte hartu litekeen azaldu zuen landa eta nekazaritza garapeneko udal ordezkariak.
Antzokiaren gunean, bertan egin izan ohi diren ekintzei buruz hitz egin zen, baina baita ondoko murala aitzakiatzat hartuta feminismoaz ere, eta inguruko eraikin publikoaz, Itoitz etxeaz: gaztetxea eta mediku etxea jasotzen dituenaz, hain zuzen ere. Hortik, Santa Fe kalean barrena, komertzioak eta ostalaritzak herriaren bizitzan duen inportantzia adierazi zitzaien herritar berriei, eta mondejua aurkeztu.
Ostean, Kimuenen izan zitzazketen zerbitzuen eta aukeren berri eman zitzaien, baita posta bulegoa non zegoen erakutsi ere eta hondakinen bilketa sistema ere landu genuen. Izan ere, Zaldibiak 2013an heldu zioen erronkari esker egun herriko hondakinen %80tik gora birziklatu egiten da.
Bisita gidatuarekin ia-ia amaitzeko, eskola gunera gerturatu ginen guztiak, eta bertako gurasoen eskutik eskolari lotutako zerbitzuez gain, “Gure Familiak” ekimenaren inguruko informazioa eman zitzaien. Une hori aprobetxatu zen, baita, “Etxekonekok” elkartearen berri emateko ere, hau da, herrian bizi diren kultura, arraza, jatorri, erlijio... desberdinetako pertsonen elkarbizitza bultzatu nahi duen elkartearen berri emateko, hau ere bertako eragileen ahotik.
Bukatzeko, Olalde parkean herriak naturarekin duen lotura eta herritarren ongizatea lehentasunezko gaia zela azaldu zitzaien, eta naturan herriko produktuez gozatu zen bertaratutako guztiei mokadutxo bat egiteko aukera emanda.
Oro har, ekitaldiaren irakurketa oso positiboa egiten den arren, lehen edizio hau ez zen nahi bezala ospatu, Covid-19aren hedapena medio. Horregatik burutu zen dena aire zabalean, talde txikitan, distantzia eta maskararekin. Ekimena urtero errepikatzeko asmoa dagoenez, ea datorren urtekoa normaltasunez eta era irekiago batean egiteko moduan garen.
HEMEN Goierri Telebistaren laburpen bideoa.