Haur eskolan izena emateko epea ostiralean amaitzen da

Maiatzaren 2an zabaldu zieten gurasoei haurrak apuntatzeko epea, eta ostiralean bukatuko da. Zaldibia da okupazio tasa %90etik gora duen herrietako bat.

Haur eskoletan izena emateko hamabostaldi ofiziala aste honen hondarrean bukatuko da, etzi. Eskabideak eta beharrezko dokumentazioa haurtzaindegietan utzi behar dute gurasoek. Ondoren, onartutakoen behin-behineko zerrendak ekainaren 15ean argitaratuko ditu partzuergoak.

Helegiteen tartea igarota, behin betiko zerrendak ekainaren 25ean jakinaraziko dituzte, eta aste horretan egin beharko da matrikula formalki. Aurrematrikularen epearen ondoren jaiotako haurren kasuan, gero egin dezakete.

Orokorrean %72,2ko betetze maila dute, 2011-12 ikasturteari dagozkion datuen arabera. Egoerak oso desberdinak dira, ordea, herririk herri. Baita haur eskola bakoitzaren barruan ere, adinaren arabera banatutako gelen artean batzuk beterik dauden bitartean, ondoko aretoa irekita mantentzeko lain doi-doi baitute zenbaitzuek.

Ezkio-Itsasokoa eta Ormaiztegikoa dira eskainitako plaza guztiak beteta dituzten Goierriko haur eskola bakarrak. %90eko okupazio tasatik gora beste lau herritakoak daude: Ataun, Legazpi, Zaldibia eta Zegama. Kontrako erpinean, betetze maila baxuena Gabiriakoak du (%30), eta tokien erdiak baino gehiago hutsik dituzte beste bost herritan ere (Gaintza, Itsasondo, Mutiloa, Olaberria eta Segura).

Etorkizun hurbilari begira kezkati dira, batez ere biztanle gutxiko herrietan. Gutxieneko haur kopuru batek izena ematen ez badu, haur eskolaren jarraipena ez dago ziurtatuta Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren partetik.

Goierrikohitza