Pasa den larunbatean burutu genuen eraikin publikoei buruzko Herri Jardunaldian ateratako hainbat ondorio dituzue jarraian. Prozesua ez da amaitu, hilaren 14an, 18:00etan Karreanen bilduko baita talde eragilea ondorioak borobiltzeko.
Hasteko, Zaldibiako Udalak eta prozesuaren dinamizazioa egiten ari den Aztiker aholkularitzak bertaratu ziren herritarren parte hartzea eskertu nahi du, aktiboki eta herri ikuspegiz lan egin zutelako.
2014an garatu zen parte hartze prozesuan zehaztutako proiektuen gainean aritu ginen, hau da, estalpea eta udal eraikin berria plazan, Artxanberriko lokaletan kokatu beharreko zerbitzuak, eskola-eremua eta antzokia.
Udaleko arkitektoak proiektuak garatzeko proposamenak azaldu zituen, baita hauen inguruan egungo egoera eta baldintzak zein diren, bai teknikoki, zein lege mailan.
Plazako eraberritzearen inguruan, herritar anitzek osatzen duten Talde Eragileak bere lanketa azaldu zuen eta arkitektoak proposamen ezberdinak mahaigaineratu zituen. Lan talde txikietan banatuta egindako dinamika baten ondoren, hainbat hausnarketa plazaratu zituzten partaideek.
Frontoiko estalpea egiteko zalantza asko ikusten dira, batez ere Ondare aldetik. Hori dela eta, beste jarduketa baten aukera landu zen: Kultur Etxe Zaharra bota eta eremu horretan Udal eraikin berria eraiki Udaleko zerbitzuak, Beti Gazte eta erabilera anitzeko gelak izango lituzkeena. Eraikina eginda, lekualdaketa egin eta egungo Udaletxea botako litzateke. Azkenik, eremu horretan estalpea kokatu. Plazan estalpea izatea behar garrantzitsutzat hartzen denez eta jarduketa honen arabera, amaieran eraikiko litzatekeenez, behin-behineko estalpe aukeraren bat lantzea eskatu zen.
Jarduketa hau izan zen partaideen babesik handiena jaso zuena.
Aurrez, eta Kultur Etxe zaharra bota ahal izateko, bertan ematen diren zerbitzuak Artxanberrin kokatzea hobetsi zen. Bestetik, Haurreskola berria egiten denean eskola-eremuan kokatzea egokiago ikusten da Artxanberrin kokatzea baino.
Orain, talde eragilea berriro bilduko da jardunaldian ateratako ondorioak landu eta fintzeko, datorren urterako pausuak zehaztuz.