Apirilaren 6rako deitu zen herriko kultur eta kirol talde guztietako ordezkarien bilera. Guztira 21 kide bildu ziren, 15 eragileren ordezkaritzan. Iazko urteari errepasoa egiteaz gain, 2022ari begira jarrita Udalaren asmoen berri jaso zuten bertaratuek. Era berean, 2022rako talde bakoitzak aurreikusi dituen ekintzekin egutegia osatu zen eta taldeen eguneroko gaiei buruzko ekarpenak jaso ziren. Jarraian informazio gehiago.
Zaldibia, herri bizia ez da alferrik esaten. Izan ere, eta pandemiak hartutako bi urteren ondotik, herriko kultur eta kirol taldeei egindako deiak erantzun zabala izan zuen, herri taupada bizirik denaren seinale. Udal ordezkariez gain, 21 herritar bildu ziren, herriko 15 kultur eta kirol talde ordezkatuak zirelarik bileran.
Gonbiteari erantzun izana eskertzeaz batera, 2021eko errepasoa egin zuten Eztitxu Mujika eta Jon Luloaga udal ordezkariek. Segidan, 2022ari heldu eta Udalaren asmoen berri jaso zuten bertaratuek:
"Zuhurtziaz, baina aurrera egiteko urtea izatea nahi dugu aurtengoa. Kultura eta kirola herritarren animoa eta herriko giroa altxatzeko palanka garrantzitsuak izango dira."
Horrela, festen ohiko agendari ere heldu nahi zaio: Saturdiko Festa, San Isidro, Alamartxoa, Gazte Festak, Txamarretxeko festa, Herriko festak, Aiestaran-Erreka auzoko festa… Antolakuntza lanak berreskuratu eta ahal dela hobetuz, jai herrikoien alde.
Lan saioari jarraituz, 2022ko egutegia osatzeko ariketa egin zuten denen artean. Hormetan jarrita zeuden hilabeteka egutegiko orriak eta talde bakoitzak bere aurreikuspenak edo programako ekintzak apuntatu zituen. Hala, herri egutegia osatzeaz gain, elkarren asmoak ikusteko aukera izan zuten.
Jarraian, udal ordezkariek berriro hitza hartuz, kultur eta kirol azpiegituretan aurten egin asmo diren hobekuntzak aipatu zituzten bertaratuen ekarpenak jasoz, tartean aipagarrienak frontoietako argiteria LED sistemara pasatzea eta Kimuene Kulturgunearen azken fasea burutzea.
Azkenik, urteko diru-laguntza deialdia laster egingo dela azaldu zen, ohiko formatua mantenduko delarik.
Bileraren amaieran, balorazio fitxa bete eta Artxanberriko eraikinean kokatutako Kimuene Kulturgunearen azken fasea burutzeko egokituko den lokal zatia ikusteko aukera izan zuten hala nahi izan zutenek.
Balorazioari dagokionez, aipatzekoa da herriko kultur eta kirol taldeen mahaia urtean bitan elkartzea egoki ikusten ahal zuten galdetuta gehienek baiezkoa erantzun zutela, elkarren berri izan eta informazioa jasotzeko baliagarri ikusten zutelako. Hau hala izanik, ekaina/uztaila aldera berriro bilera deialdia egitea aurreikusten da, deialdia aurrerago egingo delarik.
Eskerrik asko berriz bertaratu zineten guztioi eta eutsi horri!