Herriko kultur eta kirol taldeen bilkura egin zen pasa den astean, aurtengoan bigarrenez. 16 herritar eta udal ordezkari-teknikariak elkartu ziren, herriko 15 eragile ezberdinen ordezkaritzapean. 2022ko urtearen balantzeaz gain, 2023rako erronkak izan zituzten hizpide, baita udal diru-laguntzak eta herriko taldeen osasunari buruzko ariketa bat ere. Jarraian informazio gehiago.
2022ari atzera begirada eginez hasi zen bilkura, aipatuz "normaltasunera" itzuli ahal izan garen urtea ian dela, urteroko ekintza, jarduera eta festak berreskuratuz. Herriko taldeek oro har mantendu eta berreskuratu dute beren jarduera eta aurretik zeuden gabeziak hor badaude ere, hain garrantzitsu den herri taupadak hor dirau. Bideo baten bidez ikusi ziren urte honetan egindako hainbat jarduera. Ondoren, aurtengo diru-laguntzen kontu ematea azaldu zuen Lurdes Arteaga kultur-kirol teknikariak.
Saioan aurrera jarraituz, termometroarekin jolasean jarri zituzten bertaratuak: norbere talde edo elkartearen erreferentzia hartuta, hotzetik berora gai ezberdinen arabera kokatu behar izan ziren gorago edo beherago. Hala, elkar entzun ahal izan zituzten bakoitzaren indargune eta gabeziak. Ekarpen interesgarriak jaso ziren eta orokorrean osasun egoera nahiko ona nabarmendu zen, salbuespenak eta talde guztiei eragiten dieten gabezia batzuk ere badiren arren.
Berriro atzera aulkian eseriz, 2023ari begirada egin zatzaion Jon Luloaga kultur-kirol zinegotziaren eta Eztitxu Mujika alkatearen eskutik. Ordezkariek datorren urterako erronken berri eman zuten, baita horiek aurrekontuetan zuten islada azaldu ere. Batzuk nabarmentzekotan, Kimuene Kulturgunearen proiektua garatzea, herriko kultur talde eta ekimenak indartzea, Luberrin kirol aretoarekin batera eskaintza zabaltzeko aukerak aztertzea edota Resti pilotalekua margotzea daude. Hauetaz gain, udal azpiegiturak erreserbatzeko aukera emango duen web ataria, taldeen biltegien antolakuntza eta herrira etorri berriei harrera egitean herriko eragileen partaidetza aipatu ziren.
Bukatzeko, tarte irekian hainbat ekarpen jasorik, balorazio orria bete eta Kimueneko areto berria bisitatzera joan ziren.