Urte hasierako herri-batzarrean azaldu zenez, oinezko sarbidea egoera txarrean zegoela ikusirik eta hilerri aurreko bi lur eremuak Udalarenak izanik, hobekuntza proiektu txiki bat garatzen hasteari ekin zaio. Fase ezberdinetan egingo da. Lehen fasean erdiko pasabidea desagertu eta zig-zagean bariante azpitik abiatu eta hilerriko ateraino joango den 2 metroko zabalerako bidea egingo da.
Hilerrira sartzeko oinezko pasabide nagusia egoera txarrean zegoen eta ez zituen irisgarritasun baldintzak betetzen, eskailerak zirela eta. Alboetako bi lur eremuak udalarenak dira, baina hilerri aurrean egoteak asko baldintzatzen ditu lur hauek. Horrez gain, Bilore eraitsiko dela jakinik, eremu honek ikusgarritasuna irabaziko duela gauza nabaria da. Hori dela eta jarri da martxan proiektua, amaieran pasealeku-parkea eta aparkalekua egongo direlarik, beheko planoan ikus daiteke.
Lehen fasean lur mugimenduak egin eta pasabidea eraikita, beste bi fase geratuko dira burutzeko. 2. fasea udazkenean egitea litzateke egokiena, pasabidearen inguruan landareak aldatu eta egonlekuak jarriz, parke itxuran. Hirugarren eta azken fasean, ezkerraldeko hegalean (Berdillari aldera) aparkaleku gunea aurreikusi da.