Datozen egunetan hainbat hobekuntza lan egingo dira herriko ur-edangarriaren azpiegituretan. Zehazki, Elbarrena auzoko Toki-Goxo eta Zelaako espaloira arteko eremuan egingo dira, hainbat ur-ihes direla eta 120 metro inguruko luzeran hodi berria jarriko delarik. Lanak medio hainbat herritarrek aurrez jakinarazitako ur-mozketak izango dituzte, lehena bihar arratsaldean (osteguna) 15:00etatik aurrera. Jarraitu irakurtzen.
Azkenaldian egindako kontagailu neurketek Elbarrenako industrialde parean ur-ihesen bat bazela erakusten zuten eta pasa den astean hasi ziren isuria eteteko lanak. Ez zen aurreikusitako moduan atera esku-hartze hau eta ia 3 orduz ur-edangarri zerbitzua eten behar izan zen Elbarrena auzoko erabiltzaileengan eragina izan zuelarik.
Ur-ihes bakarra ez, gutxienez hiru aurkitu dira eta beraz, eremu honi dagokion esku-hartzea sakontzea erabaki da dentsitate handiko polietilenozko hodi berria jarriko delarik, 110 mm-ko kanpoko diametroa eta PN-16 atm. presio izendatua dituena. Hodi berria 122 metroko luzeran jarriko da, Toki-Goxo etxetik hasi eta Iurrelan lantegiaren parean espaloia hasten deneko eremura arte. Hodi berria jartzeaz gainera, harguneak eta kutxetak ere jarriko dira hainbat puntutan sistema hobetzeko.
Lan hauek herriko ur-edangarriaren sisteman egin beharreko hobekuntzen artean jasota daude azterketa-txostenean. Aurtengo aurrekontuetan beste lan bat, Goroskindegiko ur-biltegian hobekuntza lanak egitea aurreikusi zen, baina egoerak hala aginduta aurtengo inbertsioa eremu honetara bideratzea erabaki da.
Lanak presaz hasi dira, ur ihesak lehenbailehen mozteko batetik, eta abuztuko oporraldiarekin bat etorriz eremuko lantegietan eragozpen ahalik eta gutxiena sortzeko bestetik.
Ur mozketei dagokionez, aurre ikusten da momenturen batzuetan ura moztu beharko dela, baina ezbeharrik izan ezean behintzat mozketa hauek aurrez jakinaraziko zaizkie erabiltzaileei.
Lehenengo mozketa, bihar, osteguna, arratsaldeko 15:00etatik aurrera izatea aurreikusten da. Bigarrena, ostiralean izango litzateke, eta hirugarrena datorren astean, astearen hasiera aldera. Mozketa hauen ordutegiak lanen iraupenarekin zerikusia dutenez ezinezkoa da ordu zehatzak adieraztea. Mozketen aurretik eragina jasango dutenei abixua emango zaie atez ate ahalik eta denbora tarte handienarekin.
Honakoak dira eraginak jasango dituzten erabiltzaileak: Beltran Pabilioia, Elbarrena industriaguneko pabilioiak, Zelaa Hotela, Irastorza Goikoa eta Behekoa, Lore Toki eta baxuak, Arotz Enea, Aranguren, Lizarraga, Eguzkialde, Zaldibarren eta Txaralde, Gipuzkoako Urak iragazkia, Iraola Enea, Zugasti granja, Zugasti baserria, Okorro, Sagasti, Agerre, Keizpe, Paris, Sorron, Sorron Behera, Eguzkitza eta Eguzkitzaberri.