Hondakinak murrizteko Ekintza Plana jarriko du martxan Sasietak

Sasieta Mankomunitateak aurrera eramateko asmoa du aste honetan. Guztira, 14 puntu izango dituen plana da, baina garrantzia berezia eman diote autokonpostaiari eta hondakinak gaika biltzeko eredu erakinkor bat ezartzeko bideragarritasuna azterketari.

Azken honetarako hiru fase zehaztu dituzte, Sasieta Mankomunitateak eramaten duen eremuko 22 udalerrietan aurrera eramateko: egungo egoera aztertu; udalaren arabera hondakin kudeaketa ezberdinak aztertu, aprobetxatu daitekeena maximizatzeko eta udaletako iradokizunak jaso oinarrizko eszenatoki bat zehazteko: bideak, inbertsioak, langileen beharra… Sei hilabete inguruan egingo dute azterketa hau, udalez-udal bilera pertsonalizatuak eginez.

Autokonpostari dagokionean, berriz, udalerri bakoitzeko zein etxeetan egiten den autokonposta aztertuko dute, eta baita zein etxek izango lukeen autokonposta egiteko aukera. Behin datu horiek izanda, autokonposta egiten duten etxeetara joango dira egoera aztertzera.

Akatsik egingo balute zuzentzen lagundu eta egiteari utzita badaude prozedura hori berreskuratzen saiatuko dira. Lan hori Sasietarekin batera lan egingo duen enpresa batek egingo du.

Dagoeneko Sasietaren eremuan 800 etxe ingurutan egiten da autokonposta. «Udal guztiak daude birziklatzearen alde» eta Ekintza Plan hau gauzatzeko «udal guztien inplikazioa beharrezkoa» da Azeari Andonegi Sasietako lehendakariaren arabera.

EKINTZA PLANA agiri osoa erantsirik duzue
• Autokonpostaia bultzatu.
• Hondakinak gaika biltzeko eredu eraginkorrak aztertu.
• Hondakin sortzaile handiei bideratutako birziklatze kanpaina. Elkarteei, tabernei, jangelei… Edukiontzi bereziak eskaini gaikako banaketa egiteko.
• Azoketan hondakinak bereiztuta jasotzeko kanpaina.
• Murrizpen Guneak landa eremuetan. Herrigunetik kanpo bizi direnek ere birziklatzeko aukera izan dezaten.
• Errekurtsoen diseinua.
• Pixoihal berrerabilgarrien esperientzia pilotoa.
• Ikastetxeei zuzendutako kanpaina eta bisitaldiak.
• Bigarren eskuko materialen azoka.
• Sentsibilizazio kanpaina puntualak. Tupperraren erabilera erosketetan, propagandarik ez onartzea eta landa olioaren bilketa sustatu.
• Berrerabilguneak.
• Plater eta edalontzi berrerabilgarriak bultzatu.
• Hondakinak gutxitzeko programa.
• Beste batzuk: Kale garbiketa.

 

Goierrikohitza