Korrika 2015

19. Korrikaren aurkezpena Zaldibian asteazken honetan, hilak 28,  izango da eta hemen duzu  bertan parte hartzeko gonbite eskutitza.

19.KORRIKA
Lagun euskaltzale hori, agur t’erdi:

Jakingo duzunez, aurten Korrikaz gozatzeko aukera izango dugu berriz ere.

2015eko martxoaren 19an Urepeletik abiatuko da 19. Korrika, eta Euskal Herria zeharkatu ondoren, martxoaren 29an Bilbora helduko da.

Aurtengo Korrikak euskahaldundutzeko gonbitea luzatzen digu. Jakin badakigu, Euskal Herria euskalduntzeko norberaren eta taldearen ahalmenean sinetsi eta hori erabail behar dugula. Aldi berean, euskararen eta euskalgintzaren egoeraz ahaldundu. Helburua lortzeko denon ahalegin pertsonalak auzolanean elkartuta  indarrak biderkatuko ditugu.

Herri honek auzolanean eta elkarlanean lorpen handiak  egin ditu -Korrika bera, esaterako- eta iraganean  bezala gaur egun ere eskuzabala eta ahaltsua  dela frogatuko du. Hori da Korrikaren eta AEKren  nahia. Eta nahia ahala da. Ahalmen pertsonala eta kolektiboa: norbanakoak auzolanean zein erakundeekin eta instituzioekin batera elkarlanean. Dakienak erabiltzeko eta ez dakienak ikasteko ahala; ikasteko eta erabiltzeko eskubidea bermatzeko ahala; euskaltegiak ikaslez betetzeko ahala; euskal kultura hedatzeko eta euskal komunikabideak aupatzeko ahala; euskara taldeak laguntzeko eta euskalgintza babesteko ahala.

Eta hori posible izan dadin, ehunka pertsonek egiten dugu, aurretiaz, hainbeste lan.

Korrikan parte hartzeko moduak askotarikoak eta anitzak dira. Gaurko gutun honen bidez, gurekin bat egin dezazun eskatzera gatozkizu, horretarako Urtarrilaren 28an,  19.00etan, Zaldibiko  Kultur etxean egingo dugun Korrika batzordearen lehen deialdira etorriz.

Bertan 19. Korrikaren nondik norakoak eta gure herrian egingo direnak ezagutzeko aukera izango duzu, eta horrela  nahi izanez gero, herrirako bestelako ekitaldiak proposatzekoa ere bai. Horrez gain, herrian egin beharreko lanak zerrendatu eta banatuko ditugu. Jakin badakigu denok ez ditugula aukera berdinak gure ekarpenak egiteko, eta horregatik, hain zuzen ere, konpromisorik gabe etor zaitezen eskatzen dizugu. Bertan entzundakoaren arabera erabakiko duzu, gero, zeure ekarpena zein izan daitekeen; eta, inolako aukerarik izango ez bazenu ere, Korrika geure herrian izango dela ezagut eta zabal dezazun da gure nahia.

Ahalegin horretan zeure laguntza estimagarria izango dugulakoan, besterik gabe, hurrengo  asteazkenera arte.