Espainiako Gobernuak 2021eko abenduan Egonkortze Legea onartu zuen, administrazio publikoko lanpostuetan behin-behinekotasuna jaisteko: derrigor bete beharrekoa da, epe laburrean.
Zaldibiako Udalak 4 lanpostu eskainiko ditu, GAOn argitaratu berri den LEP Lan Eskaintza Publikoaren bidez. Erabakia Espainiako Egonkortze Legearen ondorioz hartu da: izan ere, derrigor bete beharrekoa da, epe laburrean. Zaldibiako Udalean, legeak 4 lanposturi eragiten die. Urte hasieraz geroztik ari dira lanean udaleko langileak, sindikatuak eta udal-gobernua.
Administrazio publikoko lanpostuen behin-behinekotasun tasa jaistea du helburu Espainiako Gobernuak 2021eko abenduan onartutako Egonkortze Legeak. Legearen bi gako nagusiak derrigortasuna eta egutegia dira. Orain arte, behin-behinekotasun tasa jaisteko helburua izan duten antzeko legeak ere egin izan dira, baina “borondatez” betetzekoak ziren: administrazio bakoitzak erabaki zezakeen Lan Eskaintza Publiko berezi horiek egin edo ez. 2021eko abenduan onartutakoa, ordea, derrigor bete beharrekoa da. Legeak, gainera, egutegi bat zehazten du, eta 2024ko abenduaren 31rako amaitu behar dira prozesu guztiak.
Egonkortze Legeak bi prozesu mota aurreikusten ditu. Lanpostuaren arabera, lehiaketa-oposaketa (azterketa) bidez edo meritu lehiaketa hutsez egingo dira prozesuak. Zaldibiako Udaleko 4 plazak meritu lehiaketa bidez aterako dira.
Administrazio publikoko eskala guztietan legearen inguruko zalantzak ugariak dira eta hurrengo urratsak nola egingo diren ere ez dago argi. 2022ko abenduaren 31 baino lehen plaza deialdien oinarriak argitaratu beharko direla zehazten du legeak eta udal langile, sindikatu zein udal-gobernua hori lantzera murgildu beharko dira datozen hilabeteetan.