Martxoak 3ko osoko bilkurako informazioa

Atzo iluntzean egin zen Ez-Ohiko osoko bilkura. Ondorengo gaiak izan ziren erabaki gai: martxoaren 8an ospatuko den Emakumeen nazioarteko egunari buruzko mozio eta adierazpenak, Ukraniako egoerari buruzko mozioak, Iruzurraren eta ustelkeriaren aurkako politika adierazpena onartzea eta udal lanpostu zerrendaren egokitzapena. 

 

19:00etan hasi zen bilkuran, ohi bezala azken bilerako akta onartu zen lehen puntuan eta ondoren etorri zen erabakiak hartzeko unea. Eztitxu Mujika Alkatearekin batera bertaratu ziren Jone Garmendia Alkaiaga (EH Bildu), Jon Luloaga Aranburu (EH Bildu), Maialen Mendizabal Luluaga (EH Bildu), Garbiñe Mendizabal Mendizabal (EAJ-PNV) eta Agurtzane Aiestaran Amondarain (EAJ-PNV). 

Martxoaren 8ko Egunaren harira, bi mozio aurkeztu ziren, talde politiko bakoitzak berea. EH Bilduko ordezkariek bi testuetako ideiak bateratzeko proposamena egin zuten guztia adierazpen batean jasoaz, baina EAJ-PNVko zinegotziek ezezkoa eman zioten proposamenari, Adierazpen Instituzionala orokorra izaten dela eta alderdien artean adostuta dagoena hori dela argudiatuta. EH Bilduko ordezkariek, azaldu zuten adierazpen orokor eta adostu horiek ondo daudela, baina Udaletik eta herriarekin konpromiso zehatzak jasotzea ezinbesteko ikusten dutela. Horrela, bi adierazpenak banaka bozkatu ziren. EH Bilduren mozioa onartzerakoan EAJ-PNVko zinegotziak abstenitu egin ziren eta EAJ-PNV-k aurkeztutako adierazpena aho batez onartu zen. Jarraian onartutakoak: 

MARTXOAK 8: EMAKUMEEN* EGUNA mozioa eta 2022ko MARTXOAREN 8A DELA ETA, EREDUZKO ADIERAZPENA

Segidan Ukrainiako egoera izan zen mintzagai. Alkateak adierazi zuen EAJ-PNVk testua aurkeztu zuenean Eusko Legebiltzarrean adostutakoa zela adierazi zutela, hala ez zenean. Ordezkari jeltzaleek beren mozioa azaldu zuten ondoren egoeraren larritasuna nabarmenduz. EH Bilduko ordezkariek adierazi zuten mozio horren kontra bozkatuko zutela, besteak beste, adostasunera iristeko inongo borondaterik erakutsi ez delako eta EAJ-PNV zein PSE-k beste helburu batzuk dituztelako adierazpen honekin. Bozketa eginda, testuak ez zuen aurrera egin, ordezkari independentisten kontrako bozkak gailendu zirelako. Bilkuran aurrerago, "Gerrarik ez" EH Bilduk aurkeztutako mozioa onartu zen. EAJ-PNVko zinegotziek kontra bozkatu zuten. Jarraian onartutako mozioa: GERRARIK EZ, MOZIOA. 

Adierazpen hauez gain, "Iruzurraren eta ustelkeriaren aurkako politika adierazpena" onartu zen aho batez, udal web orrian argitaratuko dena epe motzean eta udal lanpostu zerrendan egokitzapen txiki bat egitea ere onartu zen aho batez, idazkariak udalbatzari azaldu ondoren akats administratibo bat zuzentzeko hartzen zela erabakia. 

Hala, iluntzeko 19:45 aldera amaitu zen bilkura.