Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguneko adierazpena

Berdintasun lan-arloan landu eta herriko eragile ezberdinei helarazitako adierazpen bateratua irakurri zen atzo iluntzean, Emakumeen Egunaren harira plazan egin zen elkarretaratzean. Jarraian irakurri dezakezu adierazpena, atxikitutako eragileen zerrenda, eta Martxoaren 8aren inguruan datozen egunetan egongo diren ekitaldiak. 

 

Martxoak 8 eguneko Zaldibiako adierazpena.

 

Martxoaren 8a generoen arteko berdintasuna aldarrikatzeko eguna izan da urtez urte, bizitzak erdigunean jarri eta sistema neoliberal merkantilizatutik aldendu behar dela aldarrikatzeko eguna. Azken urteetan, emakumeok* gizartean dugun pisua bistaratzeko, egun horretan planto egin eta kaleak hartu ditugu, eta erakutsi dugu emakumeak* geldituz gero mundua gelditzen dela.

Gure gizartean indarrean dagoen sistema patriarkalak eratutako rol eta estereotipo sexistek eragiten dute emakumeok*, emakume* izate hutsagatik, bazterkeria, diskriminazioa eta eskubideen urraketa sistematikoa jasatea.

Egun, ordea, errealitate hori lausoturik gelditu da, COVID-19aren pandemiak erabateko atentzioa bereganatu duelako, eta zaila delako ikustea zer-nolako egoerak dauden krisialdi zehatz honetatik harago.

Pandemia larriki areagotzen ari da lehendik ere bazegoen genero arrakala: emakumeok* geure gain hartu dugu zaintzen karga gehiena, ordaindua eta ordaindu gabea; lana galdu dugu, edo lan baldintza are prekarizatuagoak ezarri dizkigute; indarkeria matxistaren aurrean baliabide eskasiarekin topo egiten dugu; beste behar batzuk baztertu egin dira, hala nola itxuraz COVID-19arekin harremanik ez duten osasun arazoak; birusa hartzeko arrisku handiagoa dugu, genero ikuspegiarekin ikertu gabe jarraitzen duten bitartean; parte-hartze soziopolitikorako aukerak murriztu egin dira; pobrezia areagotu egin da; eta abar.

Horren adibide zehatzak urrutira joan gabe aurki ditzakegu: ikusi besterik ez dago gure herriko osasunaren zaindari nagusiak nor diren, gizarte ongizateaz nor arduratzen den, eskolan gure txikiekin nor egoten den, eta noren gain dagoen etxeko guztien zaintza material eta immateriala, adin eta behar guztiak kontuan izanda. Pandemia honetan ere nor ahalegindu den zerbitzuek indarrean jarrai zezaten, higiene neurri guztiak zorrotz betetzen lanean nork jarraitu duen, nor aurkeztu den maskarak egiteko boluntario, nor aritu den telelanean hilabete luzez, nork hartzen duen baja edo opor eguna zaintzapeko norbait konfinatu behar denean, nor gelditu den langabezian…

Guztiontzat bizitza duina bermatu nahi badugu, onartu beharra daukagu denok garela elkarrekiko interdependenteak, eta antolaketa sozial eta ekonomikoaren oinarrietan aldaketa sakonak egiten hasi beharra dagoela.

Bide horretatik, behar-beharrezkoa da kolektibo zaurgarriei arreta emateko ereduak eta funtzionamenduak berrikustea, zerbitzuak eta baliabideak identifikatu eta abian jartze aldera.

Gainera, behingoz ekin behar zaio zaintza lanak egiten dituztenei —ordainduak nahiz ez-ordainduak— baldintza duinak bermatzeari. Ez hori bakarrik: egiten duten lanari balio sozial eta politikoa aitortu behar zaio, erantzukidetasunean arreta berezia jarriz.

Horrekin lotuta, azpimarratu beharra daukagu jarraitu behar dela zaintza sare komunitarioei babesa eta baliabideak ematen; aurretiaz ere martxan zeuden sare horiek, baina, egun, berebiziko garrantzia hartu dute.

Eta, nola ez, sistema irauli nahi bada, ezin zaio utzi emakumeon* ahalduntze indibidual eta kolektiborako ekintzak aurrera eramateari, eta lan egin behar dugu gure herriko emakumeon ehun soziala indartzen ere.

Gure jardunean ikuspuntu feminista txertatzen badugu, berdintasunetik gertuago dagoen herri bat lortuko dugu, guztion elkarlanarekin.

 

Zaldibian, 2021eko martxoaren 8an.

Ondoren zerrendaturiko talde eta elkarteok izenpetzen dugu adierazpen hau:

Aske talde feminista,

Ausa Gaztelu Guraso elkartea,

Beti Gazte jubilatu elkartea,

Gailurrerantz mendi elkartea,

Etxekonekok bizikidetza elkartea,

Zaldibiko Mendi Lasterketa,

Zapiak Bat Kultur Elkartea,

Zabel Bertsozale Elkartea,

Pelota taldea,

Zaldibiako Odol Emaile Elkartea,

Txanboliteroak Txistulari Taldea,

Ardiki Kofradia,

Zaldibiako Gure Esku,

Iztueta dantza taldea,

Lardizabal Herri Eskolako Irakasle taldea,

Zaldibiako Sortu,

Almitza Sega elkartea,

Zaldibiako Txirrindularitza Taldea

Zaldibiako EH Bildu.

 

2021 Martxoa Egitaraua: