Gaurko eta etorkizuneko erronkei buruz hitz egiteko bilera Emagin ikerketa eta dokumentazio zentro feministako kideekin.
2020. urtean hasi ginen udaletik Emagin zentroko kideak bidelagun hartuta Zaldibian herri mailako esku hartzeak egiten. Hasieran, helburu nagusia herrian eragile guztiengan, beraien jardunean ikuspuntu feminista txertatzea zen, baina pandemia iritsi zen. Eta pandemiak, Mugimendu Feministatik urteetan salatutako zibilizazioaren krisia edota sistema osoaren krisi sakona agerian utzi zuen.
Hori abiapuntu hartuta, erabaki genuen zaintzaren inguruko gogoeta kolektibo eta banakakoak sustatzeko unea izan zitekeela eta hori lortzeko prozesu bati ekin zitzaion.
Prozesu honetan herriko eragile eta norbanako ezberdinekin bilerak egin dira herriko errealitate ezberdinak ezagutzeko, udan “Elkar Zainduz Arriskutsuak gara!” erakusketa egon zen ikusgai Karreanen. Orain, berriz, aurrera begira zer nahi dugun erabaki eta horri ekiteko unea iritsi da.
Prozesu honekin aurrera jarraitzeko datorren hilabeteetan, epe motzera, zer lanketa egin aurkeztu eta hitzartuko dugu, eta horretarako bilera bat antolatu dugu: azaroaren 24an, Karreane Kultur Etxean, 17:00an.
Etortzekoa bazara mesedez jakinarazi berdintasuna@zaldibia.eus helbidera idatzita.