Ohiko osoko bilkurako kronika

Atzo burutu zuen Zaldibiako udalbatzak urtarrileko ohiko osoko bilkura. Jarraian dituzue bertan landu zen gaitegia eta hartutako erabakiak.

Ohiko osoko bilkura guztietan bezala, aurreko bilkurako akta onartu eta Alkateak sinatutako dekretu zerrendari buruzko informazioa eman zen. Jarraian, bozkatzeko gaien txanda izan zen:

Herri baratzak:

Esleipen berriak egin eta erabiltzaileekin azken urteetako balorazioa jasota, negutegien gaiari buruzko ekarpena jaso zen eta ingurumen lan-arloan landu. Batez ere tomateak landatu dituzten baratzeetan hainbat egitura jarri direla ikusirik eta ordenantzak hauek jartzea debekatzen zuenez, gaia bideratzeko proposamena bozkatu zen udalbatzan.

Hala aho batez onartu zen ordenantzan negutegiei buruzko puntua aldatzea, behin dagokion tramitazioa pasata, honela geratuko delarik:

Behin behinean, negutegi izaerako eraikinak instalatzeko aukera izango da, baina soilik apiriletik urrira. Epe hau igaro ondoren negutegiak kendu egin beharko dira urtero. Honetaz aparte, ezingo dira instalatu kutxak, iltzatutako elementuak, etxolak, kusoak, panpinak edo antzekoak.

 

Udal tasak eta prezio publikoak ordaintzeko laguntzak:

Ur hornidura eta estolderia zerbitzuak eta hondakin bilketaren udal tasak ordaintzeko laguntzak emateko oinarri espezifikoak behin behineko onartu ziren, aho batez. Laguntza hauek Gizarte Zerbitzuetatik kudeatzen dira.

 

Industria-guneetako hondakin bilketa:

2020ko urriaren 29ko osoko bilkuran onartu ziren 2021erako ordenantza fiskalak eta industriako hondakin bilketan tasa aldaketa egitea onartu zen, zerbitzuaren kostuak izan duen gorakada medio.

Tasa finkoa eta kontenedore kopuruaren araberako tasa aldakorra ezartzea erabaki zen, baina zehaztapen bat testuan jaso gabe. Izan ere, errefusaren kontenedore kopurua da tasa aldakorra kalkulatzeko aintzat hartuko den bakarra, eta EHBilduko 6 udal ordezkarien bozkarekin onartu zen argipena sartzea, EAJ-PNV bi ordezkari abstenitu egin zirelarik.

 

Ostalaritza Aurrerak aurkeztutako mozioa: hemen ikusgai osorik

Gipuzkoako Ostalaritza Aurrera Elkarteak mozio bat aurkeztu zuen Udalean eta atzoko bilkuran landu zen. Bertan, pandemia hasi denez geroztik bizi duten egoera deskribatzeaz gain, honako eskariak egiten zituzten:

1.- Gipuzkoako Ostalaritzaren egoeraren berri ematea Eudeli, Foru Aldundiari, Legebiltzarrari eta Eusko Jaurlaritzari.

2.- Aipatutako erakundeei eskatzea, ostalariok bizi dugun egoera ekonomikoari irtenbidea ematearren, martxoaren 14az geroztik, atzeraeraginarekin, Gipuzkoako Ostalaritzako autonomoei hileroko gutxieneko soldata aitortzea eta berori bideratzeko beharreko diren izapideak burutzea.

 

Mozioa onartuta geratu zen, EHBilduko 6 ordezkarien aldeko bozkekin. EAJ-PNVko ordezkariak abstenitu egin ziren, bozeramaileak azaldu zituen bi arrazoi argudiatuta: batetik, beste mozio bat sartuko omen dutela ostalariek eta haren zain geratuko direla; eta bestetik, ez dakitela Zaldibiako Udalak zer egin duen herriko ostalarien alde eta neurri sorta bat proposatuko dutela Udal Gobernuak hala nahi badu garatu ditzan.

Eztitxu Mujika Mariezkurrena alkateak zerrendatu egin zituen 2020an zehar herriko ostalaritzari dagokionez udaletik hartutako neurriak: terraza eremuak handitzea, terrazen tasa ez kobratzea, itxita egon izan diren egunetako proportzioan hondakinen tasa hobaritzea, erosketa bonoen 2 edizio, mondeju pintxoen bonoak, eta ostalariei zuzendutako diru-laguntza deialdia 1000€ jasoko dituelarik bakoitzak. Horrez gain, adierazi du aldian aldiko neurriei buruzko informazioa helaraztea, hau kudeatzeko hainbat bilera, itxiera ebazpenei buruzko informazioa, kartelak,… komunikazio etengabea izan dela eta horretan jarraitzen dutela.

EHBilduren bozeramaileak azaldu du, tabernariek udalari eskatu baino, Udaletik proposatu direla neurri hauek eta beraien aldetik jaso den eskaera bakarretakoa izan dela mozio hau onartzea. Aipatu du beste erakundetatik agindu zaizkien laguntzarik ez dutela jaso herriko ostalariek eta salatu du erakunde hauek ez dutela ostalaritza sektorea beste hainbat lan eremu gisa tratatu eta beste hainbat eremutan ez dauden neurriak betearazi zaizkiela.

 

Gurasotasun-baimenak parekatzeko gomendioa onartzea eta indarraldiari buruzko akordioa onartzea:

Gizon eta emakumeen gurasotasun baimenak parekatzeko legea dela medio, luzapen progresiboa egiteko gomendioa onartu zen, atzeraeraginarekin. Hala, 2019an jaiotako haurren kasuan, baimena 8 astekoa izatea onartu zen aho batez, 2020an 12 astera luzatuko da, eta 2021ean, 16 astera. 

 

Hala, 19:35 aldera amaitu zen Ohiko Osoko bilkura.