‘Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat’ UEMAren adierazpena onartu da osoko bilkuran

Azken hilabete eta asteetan Udal Legearen inguruan izandako epaiak salatu dituzte, “euskararen ofizialtasuna bera ere zalantzan jartzen” dutelakoan. EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin, aho batez onartu da adierazpena.

 

Azken hilabete eta asteetan Udal Legearen inguruan Espainiako Auzitegi Konstituzionalak zein EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaien harira, ‘Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat’ UEMAren adierazpena onartu dute osoko bilkuran, EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin. Adierazpenaren bidez, udalak herritarrak deitu ditu euskararekin bat egin eta Bilboko azaroaren 4ko mobilizazioan parte hartzera. Zaldibiatik bi autobus joango direla ere jakinarazi dute.

Zehazki honakoa dio adierazpenak:

  1. Kezkaz eta larritasunez hartu ditugu euskararen indarberritze-prozesuaren aurkako azken epaiak, guztietan berbera izan baita norabidea. Epai hauek traba dira urteotan euskara sustatzeko bidean adostasun handiz eraiki den orubearentzat.
  1. EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiek bete-betean eragiten diete UEMAk eta bertako kide diren udalek urte askoan jorratutako lan-ildoei: hizkuntza-plangintzari, kontratazioari eta euskara lehenesteari, adibidez. Udalak helburu nagusien artean du udalerrian euskara normalizatzea eta herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzea, eta sententzia hauek oztopoa besterik ez dakarte. Hori jarri baitu ezbaian auzitegiak: euskararen normalizazioa. Euskara lehenestearen aurka egin du, gaztelania baztertzea delakoan. Ez da halakorik, ordea: minorizatutako hizkuntza aurrerabidera eramatea da, eskubide guztiak bermatzeko.
     
  2. Sententzia horiek bereziki eragiten diete udalerri euskaldunei, horietan ari baitira hartzen euskaraz funtzionatzeko neurri gehien. Hori oztopo bikoitza da euskararen indarberritze-prozesuarentzat: batetik, galga jartzen diete euskara normalizatzeko neurri aurreratuenei, eta normalizazio-prozesuak badauka horren premia; bestetik, euskarak indar handiena duen lurralde-eremuei eragiten diete, eta gune horien premia gorria du euskarak. Udalerri euskaldunek ezinbestekoa dute lege-babesa.
     
  3. Udalerri euskaldunetan, hainbat arlotan aurrera egin du euskarak hamarkada hauetan, baina oraindik bada zertan eragin. Udalean bertan ere urrats handiak egin ditu euskarak, eta gaur egun, zerbitzu-hizkuntza ez ezik, lan-hizkuntza nagusia ere bada euskara. Horretan jarraitzeko asmo sendoa du Udalak, eta aurrerantzean ere martxan jarriko ditu bere esku dauden neurri eta plangintza guztiak. Euskara da gure udalerriko hizkuntza  propioa, eta hori sustatzen jarraitzeko konpromisoa dauka Udalak. Justiziazkoa da.
     
  4. Udalak, asmo hori garatu ahal izateko, ezinbestekoa du lege-orube sendoa. Hortaz,  Udalak dei hau egin nahi die lege-araudia garatzeko eskumena duten gainerako erakunde guztiei: nork ere eskumenekin eta elkarlana oinarritzat hartuta, urra dezagun bidea euskararen indarberritze-prozesua lege-babes sendoarekin hornitzeko.
     
  5. UEMAk bat egin du Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4an Bilbon antolatutako manifestazioarekin, eta epai hauek beste arrazoi bat jarri dute kalera ateratzeko: euskararen aurkako oldarraldia eten egin behar da. Horregatik, UEMAko kide garen heinean, euskararekin bat egiteko eta Bilboko mobilizazioan parte hartzeko deia egiten die Zaldibiako Udalak herritarrei.

 

                                                                                                                 Zaldibian, 2023ko azaroaren 2an