Apirilaren 26an, astelehenean, arratsaldeko 19:00etan hasita, Ombuaren itzala proiektuaren aurkezpena egingo dute Zaldibiako Herri antzokian. Pedro Mari Otaño bertsolari zizurkildarraren bizitza eta lana azalduko dituen filma egitea da proiektuaren helburua, Eguzki Art Zinema ekoiztetxeak sustatu eta bultzatuta. Horren guztiaren buru Patxi Bisquert aktorea izango da, asteleheneko aurkezpenean antzokian izango dena. Informazio gehiago, barruan.
Auzolana da proiektuaren oinarria. Herritarren diru ekarpenen bidez lortu nahi dute filma gauzatzeko dirua. Otaño bertsolariaren figurak bi elementu garrantzitsu uztartzen ditu, nolabait: XIX. mendeko euskal migrazioa eta bertsoen bitartez garaiko euskalzaletasuna. Auzolanaren erronka 30.000 zine sarrera aurrez saltzea izango da, 10 eurotan. Zuzeneko ekarpenak ere egin daitezke, ekimenaren webgunean dagoen kontu korrontean. Proiektuaren aurrekontua 750.000 euroko da.
Pedro Mari Otaño 1857an Zizurkilen jaio eta Argentinan hil zen, 1910ean. Haren bizitzako azken urteetan oinarrituko da filma, 1890etik 1910era bitartean. Baserrian jaio zen, eta garaiko hainbat herritarrek bezala, Latinoamerikara emigratu zuen. XIX. mende amaiera eta XX. mende hasierako gizartea ere islatuko du filmak.