Goierri mailako hirugarren garbigunea da (beste biak Urretxun eta Beasainen daude) eta gaur-gaurkoz 23.000 biztanleko garbigune bat erabiltzeko aukera eskaini du Sasietak. Tartean Zaldibiari emango dio zerbitzua.
Ordiziako Garbigunea Upabi aldean dago, suhiltzaileen parkearen eta Goierri Eskolaren artean, Oianguren parkera igotzeko bidearen aldamenean. Inaugurazioa gaur izan baldin bada ere, astelehenetik aurrera erabili ahal izango dute herritarrek.
Garbigunea herritar, denda eta enpresa txiki guztien zerbitzura dagoen instalazio bat da, eta bertara era askotako hondakinak eraman daitezke. Hondakin horiek erosotasunez sailkatzeko aukera dago, ahal bada ondoren berrerabili edo birziklatzeko. Instalazioak langile bat izango du erabiltzaile guztiei behar bezalako arreta emateko. Astelehenetik ostiralera (09:00-12:30 eta 15:30-18:30) eta larunbat goizetan egongo da zabalik (09:00-13:00).
Garbigunearen funtzionamendua
Garbiguneak hormigoizko bi plataforma ditu, bata beste baino bi metro altuago. Beheko plataforman ahalmen handiko edukiontzi metalikoak daude banatuta. Garbigunera datorren erabiltzaileak ibilgailua goiko plataforman jartzen du, eta eskuz, dagokion edukiontzira botatzen ditu ekarritako hondakinak. Edukiontzia betetakoan, kamioi batek erretiratzen ditu hondakinak, eta birziklatzera edo zabortegira eramaten du.
Garbigune berriak 14 edukiontzi ditu, eta bertara txatarra, papera eta kartoia, egurra, obra hondakinak, plastiko birziklagarriak, etxeko traste zaharrak, eta aparailu elektriko eta elektronikoak bota daitezke, besteak beste. Estalpe bat ere badu etxeko hondakin arriskutsuak jasotzeko (autoetako olioa, bateriak, pinturak, barnizak…), eta etxeko zenbait hondakin ere eraman daitezke: arropa zaharra, sukaldeko olioa, beira, ontziak…
Berrerabilgunea berritasun
Etxeko konpostatzeari ere babesa eskaini nahi dio Garbigune berriak, eta material egituratzailea doan emateko zerbitzua eskainiko du. Hala ere, berritasun nagusia berrerabilgunearena izango da. Sasietak aurreneko aldiz eskainiko du zerbitzu hau. Garbigunean egoera onean jasotzen diren gai ugariei (tresna elektriko txiki, altzari, jostailu, bizikleta…) berrerabilpenean oinarritutako bigarren aukera bat eman nahi zaie, hiri hondakinen prebentzioa sustatzea helburu hartuta.
Garbiguneak 5.000 metro koadro pasako azalera du –horietatik 2.000 berdeguneak dira–. Hondakinak pisatzeko 6.000 kilo bitarteko baskula du, eta bost aparkaleku ere bai. Kostua 968.000 eurokoa izan da –631.000 euro Gipuzkoako Foru Aldundiak emandakoak dira–.
Agintarien esanak
Ordiziako eta Goierriko hainbat udal agintari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatu Iñaki Errazkin eta Sasietako teknikariak izango dira inaugurazio ekitaldian. Azeari Andonegi Lazkaoko alkate eta Sasietako lehendakariak eskerrak eman dizkie inauguraziora hurbildu diren guztiei, eta Ordizia Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako laguntza eskertu du.
Igor Eguren Ordiziako alkateak adierazi du “kostata, baina azkenean ireki” dela garbigunea. “Aurreko agintaldian hasi eta oraingoan bukatu da proiektua. Denok nahi genuen egin, eta denon artean lortutako garaipen bat da”. Ordiziarentzat eta haren bueltako herrientzat –Zaldibia, Legorreta, Itsasondo, Gaintza, Altzaga eta Arama– beste zerbitzu bat ere badela esan du, eta zerbitzu berri horrek “kalean uzten ditugun trasteak leku honetara ekartzeko balio” beharko lukeela nabarmendu du.
Iñaki Errazkin diputatuaren ustez, hondakinen problematika “problematika handi bat” da, eta kudeaketa horren barruan garbiguneek “paper garrantzitsua” betetzen dute. “Goierriko herritarrei garbigunea erabiltzeko deia egiten diet, probetxua ateratzeko zerbitzu berri honi. Zero Zabor filosofiaren barruan ahalik eta gehien birziklatzea lortu behar dugu”. Errazkinek aurreratu duenez, Hondarribian ere laster irekiko dute beste garbigune bat.