ELKARRIZKETA: ARANTZAZU BAZTARRIKA IZAGIRRE

 

1.      Sarrera: aurkezpena. Nor zara, ikasketak eta egungo lan-egoera.

Arantzazu Baztarrika Izagirre naiz, Gabiriako errotako alaba. 1990ean jaio nintzen eta ia bizi guztia Gabirian igaro dut, nahiz eta orain beste leku batean bizi, berriz itzultzeko ahalegina egiten ari naiz.

Nire lehenengo ikasketak Gabiriako Balentzategi Herri Eskolan izan ziren, DBH  Loinazpen egin nuen eta Batxilergoa Txindokin. Bertan ikasten ari nintzela erabaki nuen Zuzenbidea ikastea eta halaxe lizentziatu nintzen EHUko Zuzenbide Fakultatean 5 urte beranduago.

Zuzenbidean lizentziatu arren, aurreko urtean graduatu ere egin nintzen, Bolonia planak erdiz erdi harrapatu gintuelako. Gradu Amaierako Lana egiteko hautatu nuen gai “Pertsonen trata eta trafikoa” izan zen. Hor egin nuen ikerketak eraman ninduen feminismoan eta indarkerian gehiago sakontzera, izan ere, oso agerikoa zen bi delitu horiek jasaten zituzten pertsonen gehiengoa emakume eta neskatoak zirela.

Horren inguruan zerbait egin nahiak eraman ninduen lizentziatu ostean Deustuko Unibertsitatean Emakumeen aurkako indarkerian esku hartzeko masterra egitera.

Eta master horri esker amaitu dut gaur egun hiru herritan Berdintasun teknikari lanak egiten. 

 

2.      Legegintzaldi honetan hasi zara lanean Zaldibiako, Segurako eta Legorretako udalek elkarbanaturik sortu duten berdintasun-teknikari lanpostuan. Zein da zure egitekoa? Nola antolatzen zara?

Bai, 2019ko abenduan hasi nintzen ofizialki, nahiz eta praktikan 2020an hasi. Ez da erraza izan, postu eta sail berri bat zelako udal guztietan, eraikitzeko zegoena, eta aitzakia badirudi ere, pandemiak asko nekeztu dit lana.

Nire egitekoak zehaztea nahiko zaila da, baina labur esanda genero ikuspegia txertatzea  ahalik eta eremu zabalenean (udaletik hasita), emakume eta neskatoen ahalduntzea helburu duten programak diseinatu eta martxan jartzea, eta jakina, indarkeria matxistaren inguruan kontzientziazioa eta sentsibilizazioa helburu duten ekintza eta programak aurrera eramatea.

Horrez gain, Foru Aldundiko programetan ere parte hartzen dut hiru herrien ordezkaritzan, eta herri bakoitzean dauden bestelako berezitasunetan ere bai. Esate baterako, Zaldibian Harrera eguna nire sailetik antolatzen da, eta eskolan egiten diren batzordeetan Hezkidetzakora ni joaten naiz.

Antolatu berriz, ahal den bezala! Astean fisikoki leku guztietan egotea gustatzen zait, bestela informazio asko galtzen dudala iruditzen zaidalako. Beraz, leku bakoitzean egun bat erdi egiten ditut aste arruntetan.  Bilerak edo bestelako lanak egitea tokatzen bazait lan orduetatik haratago egokitzen saiatzen naiz. Horrez gain, lan instrumentu moduan lanerako ordenagailu portatil bat daramat alde guztietara nirekin eta baita telefono mugikor bat ere, edozein lekutan egonda ere behar duenak erraz kontaktatzeko. Bestalde, hiru email ezberdin erabiltzen ditut, herri bakoitzeko bat, baina hirurak beti izaten ditut zabalik edozein herritan nagoela ere.

 

3.      Zer nolako lana dago Zaldibian berdintasunari dagokionez, zer duzue esku artean?

Zaldibian berdintasunari dagokionez egiteko dagoen lana ez da erraza. Baina, Zaldibian bezalaxe Euskal Herriko edozein herritan. Ni bertan egote hutsak udalak berdintasuna lortze aldera apustu nabarmena egin duela adierazten du. Beharra ikusten zuen seinale.

Zaldibiako udala duela hamarkada bat baino gehiagotik dago Gipuzkoako Foru Aldundiaren “Berdinbidean” programan sartuta, eta beraiek errazten duten udal plangintza eredua erabilita une honetan 2021-2022 plangintza betetzeko ahaleginetan ari gara.

Hala, esku artean bi ardatz nagusi daudela esango nuke: batetik, indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloa; eta bestetik, ikuspegi feminista batetik zaintzaren inguruko proiektua.

Lehenengoa aurrera eramateko nire lantoki diren hiru herrien artean prozesu bateratu bat egitea erabaki zen, eta horretarako Sortzen aholkularitza enpresaren laguntza dugu.

Bigarrena, aldiz, 2022 eta 2023 urteetan aurrera eramateko proiektua da eta honetan Emagin Elkartea dugu bidelagun.

Horiek lirateke gai potoloenak. Hauek aurrera eramateko kanpo laguntza dugu kontratatuta eta diru laguntzak ere lortu ditugu.

Horrez gain, nazioarteko egunen inguruan burutzen diren ekintzak, emakumeen ahalduntzera bideraturiko tailer eta bestelako ekintzak ere antolatzen ditugu. 

 

4.      Zaldibitarren artean berdintasunari buruzko kezka nahikoa dagoela iruditzen zaizu?

Zaldibitar batzuen artean bai, gehiengoarentzat ez. Nik lau taldetan banatuko nituzke herritarrak beraien kezkaren arabera:

  1.  Bentan arazo larritzat hautematen dute eta honen inguruan lanketa egitea eta gizartean aldaketak burutzea beharrezkotzat ikusten dute, eta gainera lehentasunekotzat.
  2. Benetan arazo larritzat hautematen badute ere, eta tarteka honen inguruan lanketak egiteko prest egon badaitezke ere, ez da beraientzat lehentasunezkoa.
  3. Galdetuz gero arazoa dela adieraziko dute, baina ez da inondik inora ere lehentasuna eta ez dute beraiek egin beharreko lanketatzat hartzen.
  4. “Ez dago arazorik, Zaldibian ederki bizi gara, eta ni ez naiz ez matxista ez feminista baina bakoitzak bere tokia du” bezalako esaldiak esango lituzketenak.

Nik uste, zaldibitar gehienak bigarren eta hirugarren taldean kokatzen direla. Lehenengoan gutxi batzuk, eta  laugarrengoan, lehenengoan baino gehiago izanda ere, gero eta gutxiago.

Hala ere, ez dut uste hau Zaldibian soilik gertatzen den zerbait denik, gure gizartean nahiko orokortuta dagoen zerbait dela uste dut.

 

5.      Zein izango dira hurrengo urteetara begirako lehentasunak?

Momentuz, 2023. urtean zaintzaren inguruko proiektuarekin jarraituko dugu.

Horrez gain zehazki zein proiekturi ekingo diogun oraindik ezin dut esan, baina bai zein ardatzetatik joango diren:

  • Emakume eta neskatoen ahalduntzea.
  • Indarkeria matxista, sexista, homofoborik gabeko Zaldibia izatea.
  • Ekonomiak eta gizarte antolakuntza eraldatzeko pausuak ematea.
  • Udal barnean, maila tekniko eta politikoan, berdintasun politikak garatzea.

 

6.      Hiru urte hauetan herrian egin den lanketaren ondorioz, garapenik sumatu duzu? Proiekturen bat nabarmenduko zenuke?

Esango nuke emaitza hoberenak eman dituzten ekintzak herriko eragileekin elkarlanean egindakoak izan direla. Esate baterako, dagoeneko herrian bi “Lilatoi” propio egin ditugu, azkenari Ttipi-Ttapa morea deitu genion, eta bertan, adin guztietako emakume eta neskatoek parte hartzen dute. Ekintza honek, bere horretan sinplea dirudien arren, emakume eta neskatoak erdigunean jartzen ditu, ahaldundu eta bakoitzak bere erritmoan ibilbidea amaitu dezakeela ziurtatu.

Horrez gain, pentsatu nahi dut teknikari baten presentzia izateak beste eremu batzuetan ere eragina izango zuela, esate baterako eskolan sartutako programetan edota herri mailan egiten diren kontzientziazio eta sentsibilizazio kanpainetan. Eragile batzuek ere nabarituko zuten bertan nagoela; batzuetan, zirikatzeko, eta beste batzuetan, berriz, laguntzeko edo zenbait gauzei bultzadatxo bat emateko.