Kidego zabala biltzen badu ere, taldeko Irati Urkiola, Oroitz Etxabe, Itsaso Urretagoiena, Maixa Nazabal, Edurne Echart, Oihane Etxeberria, Uxue Etxeberria, Maialen Irastorza, Garazi Urkiola eta Maider Castellano izan dira elkarrizketa hau erantzun dutenak.
Eta zein da errealitatea Goierriko eskualdean eta hemen, Zaldibin?
Goierriko eskualde mailan, badaude hainbat saretze ezberdin, ezagutzen ditugunen artean batetik, Goierriko Koordinadora Feminista dago, batez ere Martxoak 8ren harira elkartzen dena Goierriko mailako eguna antolatzeko. Bestetik, Goierriko neska* Gazteen taldea ere badago, lanean fin-fin hari dena emakume gazteez osaturik. Horiez gain, beste talde batzuk ere badaude nahiz eta haietan dugun ez parte hartu. Bestetik, esango genuke herri mailako talde feministak eskualde mailan presentzia irabazi dutela azken urteetan, tokian tokiko ekintzak bultzatuz.
Zaldibia mailan, ez gara emakume asko taldean gaudenak baina bai adin ezberdinetako emakumeak eta hori oso aberasgarria da, batetik, herritar desberdinengana hurbildu gaitezkeelako eta bestetik ikuspegi zabalago bat eskaintzen digulako talde bezala.
2015an sortu zen Aske Talde Feminista Zaldibin. Ibilbide honetan, nabarmenduko zenuketen ekimen edo lorpenik?
Jada urte batzuk igaro dira eta Aske taldea sortu zenetik, ekintza entzutetsu eta handirik egin ez arren nabarmentzeko moduko lorpenak badirela esan daiteke. Entzutetsuenen artean, azken urteetan Emakumeen* nazioarteko egunaren bueltan antolatutako ekintzak (Lilatoia herrian, elkarretaratzeak, afaria...), elkarlanean egun politak antolatzea lortu da. Hala eta guztiz ere, ikusgarritasun handirik ez duten lorpenak lirateke azpigarrienek. Sortu zen momentuan helburu nagusi bat ipini zen, taldea bera edozertaz hitz egitea ahalbidetuko zuen eta indarrak batzeko ahalmena izango zuen espazio segurua izatea. Lortu dela esan daiteke, eta hauxe litzateke lorpenik azpimarragarriena. Honez gainera, azken urteetan taldea bera zabaldu eta indartu egin da. Horixe litzateke Aske taldearean mugarrietako bat. Izan ere, saretzea nahitaezkoa da, askok uste baina gehiago baitago oraindik deseraiki eta berriz eraikitzeko. Zoritxarrez, feminismoaz hitz egitea ez da erraza eta politikoki zuzena den arren feministak garela esatea, egungo gizartean uste baina epaituagoak dira ideia zein ekintza feministak. Horregatik da saretzea hain garrantzizkoa. Sarerik ez badago ezin da salto egin!
2021eko azaroan taldea indartzeko deialdia egin zen. Zeintzuk dira taldearen egoera eta erronkak gaur egun?
Deialdi horretara emakume* asko batu zen, eta indarrez atera ginen, gauzak egiteko gogoz, eta horretan aritu gara urte honetan zehar: amatasunen inguruko kafe-tertulia egin genuen, martxoan lilatoia, ekainaren 28an German Urteaga etorri zen trans munduaren inguruko hitzaldia ematera, batukada ikastaroa Zaldibira ekarri eta hainbat emakume zaldibitarrek hartu dute parte, sendabelarren hiru tailer egin dira… ekintza hauetara jende asko hurbildu da eta pozgarria da, seinale delako badagoela gai hauen inguruan ikasi eta hausnartzeko gogoa.
Urtean zehar hilean behin edo batzen gara, ekintzak prestatu eta horien inguruan hausnartzeko. Egia da bilera hauek ez direla jendetsuak, eguneroko errutinak beste plan batzuk jartzen dizkigulako… Normalean 5 bat edo biltzen gara, gutxienez.
Erronkei dagokionez, unean unekoak aztertzen saiatzen gara. Herrian ikusten ditugun beharrei erantzun asmoz. Orain, jaietako balorazioa egiten ari gara, azaroaren 25a ere bertan dugu, eta abenduan irakurle taldearekin batera euskara eta feminismoa landuko ditugu… herriari betaurreko moreak eskaintzea da erronka nagusiena.
Udaleko berdintasun lan-arloan aktiboki parte hartu izan duzue eta baita herriko beste hainbat eragilerekin ekintzak antolatu ere. Elkarlana nolakoa izan da?
Horretan saiatzen gara, elkarlanean aritzea beti delako aberasgarriagoa. Elkarren berri izan eta ekintzak aurrera batera ateratzeak ikuspegi zabalagoa eskaintzen digu denoi, eta hala izan dela somatu dugu. Elkarlanik gabe, seguraski, ekintzak ez lirateke hain arrakastatsuak izango. Beraz, positiboki baloratzen dugu egindakoa, eta hemendik aurrera ere horretan sakondu nahiko genuke.