ELKARRIZKETA: GARIKOITZ GOIKOETXEA

 

Elduain, 1989. Kazetaritzan lizentziaduna eta Hizkuntza Plangintzan unibertsitateko espezialista. UEMAko euskara-teknikaria.

 

Euskara eta kulturartekotasunaren proiektu honetan askotariko eragile eta pertsonak elkartu zarete: irakasleak, gurasoak, Etxekonekok Elkartea, Zaldibiako Udala, UEMA, baita Amelia Barquin eta Karmele Perez HUHEZIko irakasle eta adituak ere. Nola sortu da josketa hau?

Eskolak Amelia Barquinen hitzaldi bat antolatu zuen 2021eko otsailean, hezkuntza-komunitatean bazeudelako hainbat kezka gai horri buruz. Hainbat eragiletako kideak bildu ginen, eta hura izan zen lehen hazia. Inportantea izan da josketa hori, bakoitzak bere ikuspegia ekartzen diolako gaiari. Bageneukan bentaja bat: aurretik ere ari ginen elkarrekin lanean —adibidez, eskolak lantzen du UEMAren hezkuntza-proiektua—, eta hori oinarri sendoa izan da proiektu honetan ere, lankidetza ezinbestekoa izan baita.

 

Hezkuntza-komunitatean murgilduta daudenek gehiago edo gutxiago ezagutuko dute proiektua, baina hortik aparte ezagutzen ez duenari nola azalduko zenioke? Zein da helburua?

Korapiloak askatzea izan da helburua. Galdera asko ziren: nola kudeatu hizkuntzak, Zaldibiaren gisako arnasgune batean, baina gero eta aniztasun handiagoa izanda? Nola bermatu euskaraz bizi ahal izatea eta, aldi berean, euskaraz ez dakitenekin egoki komunikatzea?

Gorabehera batzuk izanak ziren hezkuntza-komunitatean, eta gaiak deserosotasuna sortzen zuen. Txalotzekoa da hezkuntza-komunitatean pauso bat eman zela aurrera, eta erabaki zela gaia esplizitu egitea: mahai gainean jartzea eta hitz egitea.

 

2021-2022 kurtsoan proiektuaren lehen urratsak egin dira. Zein da balorazioa, zer emaitza utzi ditu?

Emaitza praktiko asko utzi ditu, eta egiteko estilo bat. Emaitza praktikoei dagokienez, adostu da nola jokatuko den egoera batzuetan: gurasoekin bilerak egitean, gurasoen arteko whatsapp-taldeetan, gurasoei eskolako abisuak bidaltzean… Aipatutako helburua betetzea izan da oinarria: dena euskaraz egitea, baina euskaraz ez dakitenei ulertzeko bideak jarrita.

Adibidez, bilerak Telegram aplikazioaren bidez egiten dira, euskaraz ez dakitenei aldibereko itzulpena eginez; idatzizkoan ere, Whatsappetik Telegramera pasatzen ari dira, itzulpen automatikoak egin ahal izateko. Horrez gain, prozesua da nabarmentzekoa: ordu askoko lana izan da, jende askok parte hartu du, eta elkarlanean egin da bidea. Balio izan du hezkuntza-komunitatean hizkuntzei buruz dauden ezinegonak eta iritziak jasotzeko, eta, aldi berean, euskararen berri emateko. Zeren Zaldibiako herritar guztiek ez baitakite zein den euskararen egoera, zergatik ari garen euskara bultzatu nahian. Eta hori ulertzea nahi badugu, azaldu egin behar zaie.

 

2022ko ekainean, Hizkuntzak erraietan dokumentala aurkeztu zen, eta protagonisten arteko solasaldia ere izan zen antzokia beteta zela. Proiektu honen barruan kokatzen da ekimen hori, ezta?

Prozesu honetan hasieratik eman zaio garrantzia komunikazioari, zer egiten ari garen esplikatzeari. Kasu honetan, interesgarri ikusi zen egindako lana jasotzea, baina ez soilik bilketa bat egiteko, baizik eta erabilgarri izateko. Dokumentala erabili dugu prozesuan parte hartu dutenei emaitzak azaltzeko, baina baita komunitatera datozen kide berriei hau dena esplikatzeko ere.

2022an, adibidez, irakasle eta guraso berriekin saio bat egin da, eta hor erabili da dokumentala. Zaldibiatik kanpo ere interes handia sortu du prozesuak, beste eskola batzuk ere ari dira pausoak ematen, eta horientzat ere interesgarria da. Bi bertsio dauzka dokumentalak, eta mila ikustalditik gora Youtuben.

 

Euskara eta kultura-artekotasunak lanean jarraitzea eskatzen dute, eta 2022-2023 kurtsoan ere lanean segituko duzue. Guztia aipatzea zaila bada ere, zer nabarmenduko zenuke aurtengoaz?

Aurtengo helburua da iaz egindako lana sistematizatzea. Horrelako proiektuek izaten dute arrisku bat: lehen urtean indar handia egin, aldaketak martxan jarri, baina gerora lehengo inertziara bueltatzea. Hori eragotzi nahi dugu. Horregatik, 2022-2023an ere martxan jarraituko du talde eragileak, Huheziren aholkularitzak ere bai, eta helburua izango da iaz ikusitako hutsuneak osatzea eta pausoz pauso joatea.

Hemen ez da bidea bukatu: bide bat hasi da, eta badakigu pausoak ematen jarraitu beharko dugula, gure herrietan eta hezkuntza-komunitateetan gero eta aniztasun handiagoa izango dugulako.