Osoko Bilkurako laburpena
Joan den ostegunean burutu zen uztaileko Ohiko Osoko Bilkura. Jarraian modu laburtuan hartutako erabakien berri.
Uztailean egin ohi den Osoko Bilkura ospatu zen joan den ostegunean Udaletxeko batzar aretoan. Ohiko osoko bilkura guztietan bezala, aurreko bilkurako akta onartu, Alkateak sinatutako dekretuen berri eman eta aurrekontuen balantzea azaldu zen. Horrez gain, honako gaiak bozkatu ziren:
- Zaldibiako Udaleko Eraikitze Ordenantza behin-behinean onartzea. Eztitxu Mujika Mariezkurrena alkateak eta hirigintza batzordeko arduradunak azaldu zuenez, iazko irailean onartu zen batzordean lanketa hau hastea eta azken bileran berriz, emaitza plenora ekartzea onartu zen. Gainera Udaleko bi talde politikoek adierazpen bat adostu zuten Ordenantza honen jatorria, helburua eta hemendik aurrerako konpromisoak azaltzen dituena. Aho batez onartu zen Ordenantza berria eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren jendaurreko epean izango da behin-betiko onartu aurretik. Jarraian adostutako adierazpena:
Gaur, 2020ko uztailaren 23an, Zaldibiako Udalaren Ohiko Udalbatza bilkuran, Eraikitze Ordenantzak onartuko ditugu.
Ordenantza hauen lanketa hastea iazko iraileko Hirigintza Batzordean adostu zen. Hala, Zaldibiako Udalaren HAPOa, Eusko Jaurlaritzaren dekretu-proiektua, Euskal Autonomi Erkidegoan etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien bizigarritasun baldintzak eta diseinu-arauak arautzen dituena, eta beste hainbat Udaletako erreferentziak oinarri harturik osatu dira gaur behin-behineko onarpenera dakartzagun ordenantza hauek.
Hirigintza batzordearen baitan lan-saio berezia egin zen batzordekideez gain hainbat herritar gonbidatu eta deialdi irekia ere eginez. Covid-19aren pandemiak diseinatutako kronograma egokitu beharra ekarri badu ere, ekainaren 29ko Hirigintza Batzordean Osoko Bilkurara ekartzea adostu zen.
Pandemiak egutegia atzeratu bai, baina aldi berean ordenantza honen beharrari abiadura eman dio, etxeetan konfinatuta egon behar izan dugun aldiak argi erakutsi baitu edozein eraikin ez dela duin bizitzeko etxe. Segurtasuna, irisgarritasuna, ekoeraginkortasuna eta bizigarritasuna; Udaletik eta udalaz gaindi bultzatu beharreko oinarriak ditugu.
Bestetik, adierazpen hau onartzen dugunok, herri-guneko etxebizitza hutsak eta landa-eremuko baserriak berregokitu eta zahar-berritu daitezen bultzatu nahi dugu eta norabide horretan lan egiteko konpromisoa hartzen dugu, Udaleko Hirigintza batzordean horretarako bideak jorratuz.
Zaldibian, 2020ko uztailaren 23an.
- 2019ko Kontu Orokorra onartzea: udaleko idazkariak 2019ko kontu orokorraren amaierako txostenaren berri eman zuen, aurrez Kontuen batzordeak oniritzia eman eta jendaurreko epean egon ondoren. Udalbatzak aho batez onartu zuen.
- Euskara Sustatzeko Erakundearen Plana (2018-2022): Zaldibiako Udalak eta UEMAk urteroko programa garatzen dute, arloz arlo euskara sustatzeko helburu ezberdinak zehaztuz. Guztia Plan Estrategiko baten baitan egiten da eta plan hori da Osoko Bilkurak aho batez onartu zuena. Alkateak azaldu zuen aurtengo urteko planak egokitzapenak eskatuko dituela, baina nola edo hala saiakera egin dela euskararen sustapenari eusteko eta aipatu zituen haur eta gaztetxoen Uda Bizia programa, herriko ostalariekin martxan jarri den “bertatik bertara” kanpaina, herrira bisitan datozenei zerbitzatzeko mahai-zapiak banatuz, eta abar.
- Amaitzeko “Orain Ardura” mozioa, izen bereko herritar ekimenak Udalean erregistratu eta EHBilduren taldeak Osoko Bilkurara ekarritakoa bozkatu zen. Talde honetako 6 ordezkarien aldeko bozkarekin eta EAJ-PNV taldeko 2 ordezkariren aurkakoarekin onartu zen eta hau izan zen bilkura honetan desadostasuna eragin zuen puntua. Alkateak mozioak zioena azaldu zuen: egun sortu den egoera ikusirik eta diru-bilketa nabarmen jaitsita, Abiadura Handiko Trenaren lanetara bideratutako dirua oinarrizko gizarte-zerbitzu eta krisiak eragindako sektoreentzako laguntzetarako partidak handitzeko erabiltzea, honenbestez obrak geldiaraziz. Taldeen arteko eztabaida izan zen mozioa bozkatu aurretik.