Patxin eta Potxin pailazoek birziklapenaren aldeko mezua eskualdeko herri guztietara helaraziko dute eta Sasietak hondakinak ondo bereizteko gida banatuko du.
Zabor bilketa sistemen inguruko eztabaidak Goierri bete-betean harrapatu du eta Sasieta Mankomunitateak helburua ahalik eta gehien birziklatzea dela gogora araztea erabaki du. Patxin eta Potxin pailazoek birziklapenaren aldeko mezua herri guztietara helaraziko dute eta Sasietak hondakinak ondo bereizteko gida banatuko du. Lehen saioa Mutiloan izan da.
Birziklatzea erraza da! kanpaina Azeari Andonegi Sasietako lehendakariak, Iñaki Ugalde Mutiloako alkateak, Enrike Enparantzak eta pailazoek eurek aurkeztu zuten asteazken arratsaldean Mutiloako frontoian.
Andonegik Sasieta aspalditik birziklatzearen garrantzia azpimarratzen ari dela gogoratu zuen. «Horren adibide da hondakinak biltzeko moduan egin diren aurrerapausoak. Itsasondon, Legorretan eta Zaldibian atez ateko bilketa sistema ezarri dugu eta, denbora gutxian, birziklatze tasa bikoiztea lortu dugu».
Aste gutxiren buruan Segurak eta Ordiziak sistema martxan jartzea espero duela gehitu zuen. «Beste herri batzuetan edukiontzi marroiaren hobekuntzen dihardugu. Eta herri txikietan organikoaren autokudeaketarantz goaz», esan zuen.
Bere ustez, jendeak birziklatu egin nahi du, baina sarritan zalantzak sortzen zaizkio. Zalantza horiek argitzeko eta jendea kontzientziatzeko jarri dute abian, hain zuzen ere, Birziklatzea erraza da! kanpaina. Etxe guztietan gida bat banatuko dute eta pailazoek hondakin bakoitza zein ontzitara bota behar den argituko dute.
Gidak bederatzi atal ditu:?beirazko ontziak, papera eta kartoia, ontzi arinak, materia organikoa, errefusa, garbigunea, pilak, olioa eta arropak. Dagoeneko Beasain, Itsasondo, Legorreta eta Zaldibian banatu dute eta aurki gainontzeko herrietara iritsiko da. Enparantzak orain arte erantzun oso ona jaso duela esan zuen.
Patxin eta Potxin ere eskualdeko herri guztietara joango dira. Euren saioa hondakinen kudeaketarekin lotutako beste ekintza baten eskutik helduko da beti. Mutiloan, adibidez, ikuskizunaren ondoren konposta egiteko tailerra eman zuten. Pailazoen hurrengo saioak Seguran eta Ordizian izango dira. Seguran datorren asteazkenean 17:30ean eta Ordizian ekainaren 16an, 13:00etan plazan.
Ugalde izan zen hitza hartzen azkena. Sasietari eskerrak eman zizkion kanpainaren aurkezpena Mutiloara eramateagatik. «Guk ere, txikiak izan arren, zer esan, zer egin eta zer erakutsi asko dugu. Ahalik eta gehien birziklatu eta hondakinen kudeaketan eredugarri izan nahi dugu».
Horretarako, hondakinak biltzeko eredu berria prestatzen ari dira. Mutiloako Udalak bat egin du Sasietak herri txikiei proposatu dien modeloarekin. Konpostaian eta organikoaren autokudeaketan oinarritzen da. Norberak bere etxean bereiziko eta tratatuko du organikoa. Epe motzean, helburua zabor mota hau ez biltzea da.
Geroz eta gehiago dira konpostatzen duten mutiloarrak. Horretarako, ikastaroak antolatu dituzte. Guztiek konpostatzen dutenean, edukiontzi berdeak kendu eta gainontzeko guztiak bi gunetan jarriko dituzte.