Plaza Eraberritzeko ideia-lehiaketa: Erakusketa Publikoa

Zaldibiako Udalak, herriko plaza eraberritzeko IDEIA-LEHIAKETARA aurkeztu diren lanak ezagutu eta baloratzeko datorren irailaren 14tik 18ra, ostegunetik astelehenera, antolatu duen erakusketan parte hartzera gonbidatzen ditu herritarrak.

 

ERAKUSKETA Karreanen beheko solairuan izango da. ORDUTEGIA:

• Irailak 14, osteguna: 16:00-20:00 bitarte
• Irailak 15 eta 16, ostirala eta larunbata: 10:00-13:00 eta 16:00-20:00 bitarte
• Irailak 17, igandea: 11:00-14:00 bitarte
• Irailak 18, astelehena: 10:00-13:00 eta 16:00-20:00 bitarte

Nondik gatoz?

Dakizuen bezala, Zaldibiako Udala 2016ko azarotik “Zaldibia eraberritzen” partaidetza prozesua garatzen ari da. Prozesuaren helburua herriko eraikin publikoen inguruan hausnartu, iritziak elkarbanatu eta erabakiak hartzea da.

Zentzu honetan, 2017 urterako adostu genituen erronketako bat, plaza eraberritzeko IDEIA-LEHIAKETA egitea izan zen. Plazan udal eraikin berria eta aterpea behar ditugula ondorioztatu zen eta aukera ezberdinak mahai gainean izateko, arkitektoentzat lehiaketa antolatzea erabaki zen.

Maiatzaren 26an ATE IREKIAK ospatu genituen HERRIKO PLAZAN eta ARTXANBERRIN. Bertan, lehiaketaren ezaugarriak eta baldintzak baloratzeko aukera izan zen. Lehiaketarako baldintzak adostuta, ekainaren 23an ireki zen lehiaketa, eta irailaren 1ean  amaitu berri da arkitektoek beren proposamenak aurkezteko epea. Guztira, 22 proposamen aurkeztu dira.

Hurrengo urratsak

Horrelako lehiaketa guztietan bezala, hautaketaren ardura izango duen epaimahaia eratuko da, hilaren 11n, astelehenean. Epaimahai hau bederatzi lagunek osatuko dute: hiru arkitekto (Udalekoa eta Arkitektura Eskolak aukeratutako bi), hiru Udal ordezkari (Alkatea eta alderdi politiko bakoitzeko ordezkari bana), eta parte hartze prozesuko Talde Eragileak hautatutako hiru herritar ordezkarik. Epaimahaia, parekidea izango da.

Epaimahaiko hiru herritar ordezkariek, gainontzeko zaldibiarren iritzia epaimahaira eramateko ardura izango dute eta horretarako antolatu da bost eguneko erakusketa publikoa.

Erakusketan iritziak bildu ostean, partaidetza prozesuaren jarraipena daraman talde eragilea bilduko da herritarren artean nagusi diren aukerak zein diren aztertzeko. Hala, iritzi hori eramango dute ordezkariek epaimahaiko bileretara.

Epaimahaiak urriaren 1erako (lehen bileratik 20 egunera) lehiaketaren lehen fase honetan aurrera egingo duten proiektuak zein diren ebatzi eta jakinarazi beharko du. Ondoren, bigarren fasera pasatzeko hautatuak izan direnek, beren lana sakondu eta aurreproiektua idatzi beharko dute eta prozedura berdina errepikatuko da irabazlea hautatzeko.

Beraz, eta ezinbestekoa izango denez, herritarrei lanak ikusi eta baloratzeko erakusketara bertaratzeko deia egiten dizue Udalak.